Azken astean positiboek Azkoitian behera egin badute ere, kopuru altuetan jarraitzen dute

Andoni Elduaien 2021ko mai. 7a, 13:01

Azken astean 50 kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian, aurreko astean baino hamar gutxiago. Intzidentzia tasak 900eko langatik jaitsi gabe jarraitzen du herrian. Jaurlaritzak arratsaldean jakinaraziko ditu alarma egoeraren ostean zein neurri murriztaile izango diren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman du atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboen berri. Azkoitian atzo beste hamar positibo baieztatu zituzten. Apirilaren 23tik 30era bitartean 59 positibo detektatu zituen Osasun Sailak Azkoitian, eta beraz, behera egin dute azken astean kasu positiboek herrian; izan ere, 50 kasu hauteman dituzte joan den ostiralaz geroztik Azkoitian.

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasa ere behera egiten ari da poliki-poliki. Apirilaren 22an jo zuen goia Azkoitian tasak 1.410,33ko tasarekin, eta harrezkero, mantso-mantxo ari da jaisten. Egun 909,62koa da azken hamalau egunetako intzidentzia tasa herrian. Atzoko zenbatekoa mantendu da, baina joan den ostiralekoa baino 159 puntu baxuagoa da. Eusko Jaurlaritzak arratsaldean jakinaraziko du alarma egoeratik kanpo zer neurri murriztaile ezarriko dituen, eta horren arabera, intzidentzia tasek herriak perimetralki ixteko balioko duten edo ez ezagutuko da.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 34 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Azken astean 218 kasu positibo zenbatu dituzte, eta Beizamak izan ezik, eskualdeko gainerako herriek eremu gorriaren barruan sartuta jarraitzen dute. Azkoitiko hamar positiboen ondoren, Zumaian hauteman dituzte kasu gehien eskualdean: zortzi guztira. Hori horrela, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa handiena duen herria da Zumaia 956,55eko tasarekin. Azken zazpi egunetan 32 kasu detektatu dituzte han, aurreko astean baino 30 kasu gutxiago. Zumaiaren ostean Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien azken orduetan. Sei positiboren berri eman du Osasun Sailak, eta 843,79ko tasa dute han; izan ere, 52 positibo jakinarazi ditu astebean Osasun Sailak han, aurreko astean baino hamar gutxiago.

Azpeitian, bestalde, lau kasu atzeman ditu Osasun Sailak azken 24 orduetan. 446,78ko intzidentzia tasa dute han, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasarik baxuena, hain zuzen. Azken astean 35 kasu hauteman dituzte han, joan den astean baino bi gehiago. Aian, berriz, hiru kasuren berri eman du Osasun Sailak, eta 957,18ko tasa dute. Joan den ostiraletik bederatzi kasu hauteman dituzte han, aurreko astean baino kasu bat gutxiago. Getarian, Orion eta Zestoan, aldiz, atzo kasu bana baieztatu zuen Osasun Sailak. Getarian azken zazpi egunetan hiru kasu zenbatu dituzte –424,03ko intzidentzia tasa du–, hamar detektatu dituzte Orion –489,24ko tasa du– eta bederatzi Zestoan –539,29ko tasa du–. Gainerakoan, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten kasurik atzeman atzoko probetan. Aizarnazabalen aste osoan kasu bakarra atzeman dute –1.170,35eko tasa du–, Errezilen zazpi zenbatu dituzte –1.127,21eko tasa du– eta Beizaman ez dute kasu bakar bat ere hauteman.

Milako langaren azpitik

Atzo, 11.333 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira 745 positibo zenbatu zituzten: 70 kasu Araban, 321 Bizkaian, 222 Gipuzkoan eta 126 Nafarroan. Hori horrela, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %6,5ekoa izan zen atzo.

Ospitaleen egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du atzo 66 pertsona ospitaleratu zituztela "COVID-19aren ondorioz". Era berean,173 pertsona daude gaur-gaurkoz Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn. Osakidetzako erietxeetan 400 lagun daude egun ospitaleratuta. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea behera egiten ari da etenik gabe, eta egun 0,86an dago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide