Eneko Aranbarri: "Negozio eredua egokitu daiteke lanposturik galdu gabe"

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 7a, 09:30
Eneko Aranbarri, manifestazioaren buruan, ezkerretik aurrena.

Eneko Aranbarrik (Azkoitia, 1988) lau urte zeramatzan H&M kate suediarraren saltoki batean lanean, Donostiako Askatasunaren hiribideko COS arropa dendan, hain zuzen. Apirilaren 6an, negozioa berregituratu beharra argudiatuta, enplegua erregulatzeko txostena aurkeztu zuen multinazionalak. Hego Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako zein Galiziako 30 denda itxi eta 1.100 langile kaleratu nahi ditu, eta gainontzekoei lan baldintzak okertu. Zer egoeratan dauden azaldu dio azkoitiarrak Maxixatzeni.

Apirilaren hasieran enplegua erregulatzeko txostena aurkeztu zuen H&M enpresak. Zer argudio erabili ditu horretarako?

Digitalizazioa jarri du aitzakia, eta esan digun bakarra da negozioa berregituratu beharra daukala, beste azalpenik eman gabe. Sindikatuek digitalizazio plana eskatu diote enpresari, baina oraingoz ez du aurkeztu.

Pandemiak aurrez aurreko salmenten jaitsiera ekarri duenik eta horrelakorik ez dizue esan, beraz.

Ez, eta gainera, gure dendan behintzat, ezin genezake esan salmentetan jaitsiera nabarmenik izan denik; kontrakoa, azkenaldian gehiago saltzen ari ginen.

Hego Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako eta Galiziako 30 denda itxi eta 1.100 langile kaleratu nahi ditu enpresak. Hemen zenbateko eragina izango luke berregituraketak?

Enpresak egin nahi duen berregituraketaren dimentsioa sekulakoa da, 1.100 langile kaleratzea lantaldea %20 murriztea izango bailitzateke. Hego Euskal Herrian, zortzi denda itxi eta 56 langile kaleratzeko asmoa du; Gipuzkoan, berriz, denda bat itxi eta hemezortzi langile botatzekoa. Gipuzkoan itxi nahi duen, edo hobeto esanda, dagoeneko itxi duen denda gurea da, eta hemezortzi lagun horietatik hamalau gure dendako langileak gara, lantalde osoa. Beste lauak Garberako eta Txingudiko H&M dendetako langileak izango lirateke; enpresak bina bota nahi ditu denda bakoitzetik. Gainera, gainontzeko langileen lan baldintzak ere okertzeko asmoa du enpresak; astean 40 eta 30 orduko lanaldiak kendu nahi ditu.

Erregulazioaren baldintzak negoziatzeko epea zabalik da oraindik, baina zuk lan egiten zenuen denda dagoeneko itxi egin du enpresak. Zer egoeratan zaudete langileok?

Apirilaren 6an prentsa bidez jakin genuen enpresaren asmoen berrien, eta handik hamar egunera, apirilaren 17an, itxi zuen denda, artean negoziazioak hasi gabe zeudela. Hori nahiko adierazgarria da, argi erakusten baitu zer nolako jarrera eta borondatea dituen enpresak. Nahiz eta denda itxita dagoen, negoziazio epea indarrean dago oraindik, eta ordaindutako baimen batekin gaude gu. 

Enpresaren asmoen berri izan orduko ekin zenieten protestei. Nola antolatu zineten?

Apirilaren 7an batzarra egin genuen ELAren Donostiako egoitzan, eta erabaki genuen apirilaren 14tik denda itxi arte greba egingo genuela. Egunero 10:00etan elkartzen ginen dendaren aurrean, pankartaz josten genuen ingurua, eta 12:00etan bozgorailuak atera ondoren protestan hasten ginen; 13:00ak aldera arte han egoten ginen. Beste H&M dendetako langileek eta inguruko beste denda batzuetakoek ere parte hartzen zuten protesta horietan, eta babes hori sentitzeak sekulako poza eta indarra eman zigun. Orain, berriz, H&Mko beste dendetako langileak dira greba mugagabean daudenak, Garberakoak eta Txingudikoak. Bi denda horietako lantaldearen parte handi batek uko egin dio lanera joateari, eta eragina nabaria da denden martxan; lanerako jenderik ez dutenez, ordu batzuez itxi egin behar izaten dituzte saltokiak. Guk protestan jarraitzen dugu eta hala jarraitzeko asmoa daukagu. Orain Garberan elkartzen gara egunero, 12:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 18:00etara bitartean, eta merkataritza gunearen barruan zein kanpoan jarduten dugu protestan.

Zehazki, zer da protestekin lortu nahi duzuena edo zer da enpresari eskatzen diozuena?

Gure helburuak dira enpleguei eta enpleguen kalitateari eustea, ez dugulako arrazoirik ikusten lanpostuak desagerrarazteko eta ez dugulako onartuko lehen baino baldintza okerragoetan jardutea. 

Orain arte zer moduzko lan baldintzak zenituzten?

Ehungintza merkataritzako langileon lan baldintzak, oro har, ez dira onak. Gure taldeko langileon kasuan, gehien-gehienok kontratu mugagabeak ditugu, baina ez lanaldi osokoak. Ohikoak dira astean hamabi, hamasei, hogei edo 24 orduko kontratuak. Kontua da lanaldi horiek komeni zaionaren arabera moldatzen dituela enpresak; adibidez, hamasei orduko lanaldia duen langile bati eska diezaioke 30 ordu sartzeko. Gero, ordea, oporrak ailegatzen direnean, kontratuan jartzen duen lanaldiaren arabera kobratzen du langileak, nahiz eta urte guztian askoz ordu gehiago sartu. Pentsaezina da metalgintza sektorean horrelako kontratuak izatea; hortaz, zergatik hartu behar ditugu normaltzat ehungintza merkataritza sektorean? Hori erabat lotuta dago gaur egungo gizarte kapitalista patriarkalarekin. Era horretako kontratuak erabat feminizatutako sektoreetan bakarrik egiten dira, esate baterako, garbiketan eta zaintzan. Ausartuko nintzateke esatera hau emakumeen aurkako indarkeria dela: indarkeria ekonomikoa. 

Protesten aurrean zerbait esan al dizue enpresak? Ikusten al diozue negoziatzeko borondaterik?

Enplegua erregulatzeko txostena aurkeztu duenez, enpresa behartuta dago sindikatuekin negoziatzeko esertzera. Momentuz bi batzar egin dituzte Madrilen, eta egia da batzar horietan ez dutela aurrerapen handirik lortu, baina pentsatzen dugu protestekin aurrera jarraitzeak ekar dezakeela enpresaren jarrera aldaketa. Izan ere, hemen ez ezik, Hego Euskal Herriko eta Espainiako beste zenbait lekutan ere protestan ari dira langileak, eta indar handiarekin.

Oraingoz enpresaren digitalizazio planik ez duzue eskuartean, baina posible iruditzen al zaizue digitalizazio prozesua gauzatzea lanposturik desagerrarazi gabe?

Ulergarria da garaiak aldatzen doazen heinean negozio eredua egokitu behar izatea, baina uste dugu hori egin daitekeela lanposturik galdu gabe. Gu prest geundeke gure eguneroko eginbeharrak moldatzeko, alegia, jendeari arreta emateaz gain, online egiten diren salmentetako paketeak prestatzeko. Badakigu sektoreko beste zenbait enpresek horrela funtzionatzen dutela. H&Mren kasuan, ordea, online salmentak erabat zentralizatuta daude, eta beste herrialde batzuetatik bideratzen dute paketeria guztia. COSen kasuan, esaterako, pakete guztiak Herbehereetatik datoz. Ez al luke zentzu gehiago izango pakete horiek tokian tokiko dendetan egiteak?

H&Mk ez ezik, Inditexek eta El Corte Inglesek ere negozioa berregituratzeko asmoa adierazi dute, digitalizazioaren izenean. Nola ikusten duzu sektoreko panorama?

Uste dut merkataritza sektorea aldaketa prozesu handi baten atarian dagoela, hasiera besterik ez dela hau. Prozesu horrek gu irensterik nahi ez badugu, langileok lehenbailehen indarrak batzen hasi beharra daukagu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide