900eko langatik jaistear da Azkoitiko intzidentzia tasa

Andoni Elduaien 2021ko mai. 6a, 12:47

42 puntu eskas egin du behera Azkoitiko intzidentzia tasak. Halere, positiboek kopuru altuetan jarraitzen dute nola herrian hala Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren inguruko txostena. Dokumentu horren arabera, Azkoitian beste zazpi kasu positibo zenbatu dituzte atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno testetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak, gainera, behera egin du atzoz geroztik; izan ere, 951,35ekoa zen tasa atzo eta gaur 909,62ra jaitsi da. Halere, azken zazpi egunetan 50 kasu atzeman dituzte herrian. 

Urola Kosta eskualdean apaltzera egin dute kasu positiboek, eta horrekin batera, herri ia guztietako intzidentzia tasak behera egin du azken 24 orduetan. Eskualdean 23 positibo detektatu zituen Osasun Sailak atzo egindako probetan, herenegun baino hamabi kasu gutxiago.

23 kasuak Zarautzen, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian atzeman dituzte. Zarautzen zortzi positibo hauteman dituzte, eta 903,76ko intzidentzia tasa dute han, atzo baino 30 puntu baxuagoa. Azpeitian eta Zumaian launa kasu zenbatu dituzte. Azpeitian egoera hobera egiten ari da azken egunetan; izan ere, 473,06ko intzidentzia tasa dute, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztien artean baxuena. Zumaian, berriz, bestelakoa da egoera. Eskualdeko herri handienen artean intzidentzia tasa altuena dute han, 946,37ko zenbatekoarekin. 

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten kasu positiborik atzeman atzo. Intzidentzia tasa altuetan jarraitzen dute, halere, herri guztiek. Aian 1.007,56koa da intzidentzia tasa, Aizarnazabalen 1.300,39koa, Errezilen 1.127,21ekoa, Getarian 459,36koa, Orion 538,16koa eta Zestoan 513,61ekoa. Beizaman, aldiz, intzidentzia tasa zeroan dute.

Positiboak, kopuru altuetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak emandako informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian 809 kasu positibo baieztatu zituzten atzo 13.965 PCR eta antigeno proba egin ondoren. Lurraldeka, 66 kasu detektatu zituzten Araban, 358 Bizkaian, 237 Gipuzkoan eta 136 Nafarroan. Positibotasun tasa %5,8koa izan zen atzo Hego Euskal Herrian.

Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen erietxeetan. Egun 425 pertsona daude ospitaleratuta, eta 183 lagunek zainketa berezia behar dute. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa edo R0 indizea, aldiz, 0,87koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide