Beste koska bat jaitsi da Azkoitiko intzidentzia tasa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 4a, 13:53

Beste sei positibo hauteman dituzten arren, beherantz egin du hamalau eguneko 100.000 bizntaleko positibo metatuen kopuruak: 993,07 zen atzo eta 934,66 da gaur. Urola Kostan, berriz, 31 kasu berri zenbatu dituzte, herengun adina. Dena dena, joan den astetik apaltzera egin du positibo berrien kopuruak.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horien arabera, beste sei positibo atzeman dituzte Azkoitian. Hala ere, intzidentzia tasa beste koska jaitsi da: 993,07koa zen atzo eta 934,66koa da gaur.

Urola Kostan, berriz,  31 kasu positibo zenbatu dituzte guztira, igandeko probetan bezainbeste. Beste egun batez Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, hain zuzen, bederatzi. Azpeitian eta Zumaian seina emaitza positibo izan dira, eta nabarmentzekoa da hiru positibo hauteman dituztela Errezilen. Zestoan, bestalde, kasu berri bat baieztatu dute.

Azken orduetako datuak kontuan hartuta, Errezilen eta Azpeitian gora egin dute kasu metatuen tasek. Izan ere, hurrenez hurren, tasak 483,09an eta 505,91n zeuden atzo, baina 805,15ra eta 519,05era igo dira azken datuekin. Urola Kostako udalerri gehienetan, ordea, Azkoitian bezala, behera egin dute intzidentzia tasek: 1.460,96tik 1.108,31ra jaitsi da Aian, 954,06tik 742,05era Getarian, 848,01etik 717,55era Orion, 1.075,08tik 993,70era Zarautzen, 539,29tik 513,61era Zestoan, eta 1.119,37tik 1.099,01era Zumaian. Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, berdin mantendu dira tasak; hain zuzen, 1.690ean eta hutsean.

Hortaz, gaur-gaurkoz, bost dira eremu gorrian jarraitzen duten eskualdeko herriak: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia.

Positibotasun tasa behera Hego Euskal Herrian

Koronabirusa atzemateko 13.395 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, bezperan baino 4.041 gehiago. Igandean baino 155 lagun gehiagok eman zuten positibo atzoko probetan, alegia, 768 lagunek. 351 kasu detektatu zituzten Bizkaian, 246 Gipuzkoan, 122 Nafarroan, 42 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetan. Positibotasun tasak, dena den, behera egin du Hego Euskal Herrian. Atzoko probetan %5,1ekoa izan zen Nafarroan eta %5,6koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; igandean, aldiz, %7koa eta %6,1ekoa izan zen, hurrenez hurren.

Osakidetzan bikoiztu egin dira ospitaleratze berriak: 92 ospitaleratze berri izan ziren atzokoan, eta 45 izan ziren bezperan. Gaur egun 188 pertsona dituzte ZIUetan, eta 493 dira COVID-19ak jota Osakidetzaren erietxeetan dauden pertsonak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide