Karmen Irizar: "Bakoitzak norbere hizkuntza menperatzea da erronkarik handiena"

Andoni Elduaien 2021ko mai. 6a, 09:02
Karmen Irizar.

Karmen Irizar Segurolak (Azkoitia, 1973) Christopher Okigbo idazle nigeriarraren 'Distantziak' poesia lana itzuli du euskarara. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren 37. zenbakia da. Apirilaren 20an aurkeztu zuten liburua Donostian, eta Irizarrek Okibgoren liburuan zer aurkitu duen, eta zer nolako ondorioak atera dituen azaldu dio Maxixatzen.eus-i.

Nola sortu zitzaizun Christopher Okigbo poetaren lana euskarara itzultzeko aukera?

Kasualitate hutsa izan zen. Azpeitiko eskola batean egiten dut lan, eta lankideen artean Jose Luis Otamendi poeta azpeitiarra dago. Hura Susa argitaletxearen sortzailea eta bazkidea da. Munduko Poesia Kaierak bilduma du argitaletxeak, eta munduko poeten lanak itzultzen dituzte euskarara. Egun batean, sail horretarako lan bat egiteko prest egongo al nintzen galdetu zidan Otamendik. Ukitu poetikoa ematen-eta lagunduko zidala esan zidan, eta baietz erantzun nion. Unibertsitatean Afrikako literatura landu genuen, Literatura Anglofonoak ikasgaian. Asko gustatu zitzaidan, eta pare bat urtean Afrikako idazleen literatura besterik ez nuen irakurri. Susak mundu osoko poetak hautatzen ditu, baina afrikarrik ez zuten zerrendan. Hala jaso nuen proposamena.

Zer aurkitu duzu Okigboren lanean?

Batetik, mundu tribalari buruzko erreferentzia asko dago, bai animalia aldetik, baita naturaren ikuspegitik ere. Bestetik, oso gizon jantzia zen Okigbo. Unibertsitatean ikasi zuen, eta Cambridge Unibertsitateko ordezkaria zen Nigerian. Argitaletxe bat ere ireki zuen beste hainbat lagunekin. Bere herriko mundu tradizionala Europako eta mundu zabaleko kulturarekin uztartzen du lanean; bien arteko nahasketa bat da. Ziur nago niri zenbait gauzak ihes egin didala, baina liburua ulertzeko, nekazal mundua ezagutzeaz gainera, literaturarekiko jakintza handia izan behar da, baldin eta idazleak esan nahi duen guztia ulertu nahi baldin bada. Horren harira, Okigbok bere poemen inguruan idatzi izan duenean, esan izan du Mallarme, Tagore eta Garcia-Lorca poeten lanak zein erreferentziak izan dituela buruan idazterakoan. Picassoren Guernica aipatzen du, Yates poetari ere eskaini zion beste poema bat... Horien denen erreferentziak aipatzen ditu, eta dena ulertzeko ezagutu egin behar dira horiek. Nik batzuk atzeman ditut, baina beste batzuk ihes egin didate. Baina zer da ona? Poesiaz gozatzeko ez dagoela horiek ezagutu beharrik. Halere, zenbait gauza lauso geratu ote direnaren sentipena dut.

Afrikako literatura irakurritakoa zarela esan duzu. Liburu haiekin alderatuta, ezer berririk aurkitu al duzu Okigboren lanean?

Unibertsitate garaian, ia dena prosa irakurri nuen. Okigboren liburuan, gure munduarekiko duen lotura eta egiten dituen erreferentziak nabarmenduko nituzke. Kultur erreferentzia asko egiten dizkio mendebaldeko munduari; hori da aurkitu dudan berritasun handiena. Aurrez irakurrita nituen poeta afrikarrek beren mundutik idazten dute; nahiz eta oso jantziak diren kultura aldetik, gehiago zentratzen dira beren herriko kontuetan. Okigbok, ordea, biak uztartzen ditu; landa ingurunetik zetorren bera, baina gero eskola katoliko batera joan zen eta han jaso zuen mendebaldeko jakintza. Bi mundu horietatik elikatzen du bere literatur lana.

Nolakoa izan da liburua itzultzeko prozesua?

Hasteko, bi edo hiru aldiz irakurri dut liburua. Ulertzen ez nuen hitzen bat agertzen zenean, apuntatu egiten nuen, eta gero, hiztegian erreferentziak aurkitu eta testuarekin bat zetozen hitzak al ziren ikusten nuen. Horren harira, gauza oso kuriosoa gertatu zait: gehienetan oso hitz arruntak erabiltzen ditu Okigbok, asko entzuten direnak, baina idazleak beste adiera batekin erabiltzen ditu. Ingelesez hitz batek lau edo bost adiera desberdin izan ditzake, eta gehienetan lehen adiera da arruntena. Halere, Okigbok bigarren edo hirugarren adiera erabiltzen du. Horregatik, gertatu zait lehen begi kolpean hitza ulertzeko erraza dela iruditzea, eta gero ohartzea poemen testuinguruan beste esanahi bat duela. Nolabait, antzerako lana egin behar izan dut testua euskarara ekartzerakoan.

Zer egin zaizu zailena?

Testua ez zait zaila egin, testuaren atzeko erreferentzia asko niretzat oso ezezagunak direlako. Testua eta esaldiak ulertu ditut, baina sentsazioa neukan zerbaitek ihes egiten zidala. Dena den, ez dut bakarrik jardun. Tarteka izan ditut zalantzak ingelesarekin, eta Zack Zubriski Azpeitian bizi den estatubatuarrak lagundu dit, eta bestelako ukitu poetikoa ematen, berriz, Jose Luis Otamendik.
 
Itzuli duzun lehen lana izan al da?
 
Itzuli dudan lehen literatur lana izan da. Halere, Oscar Romerok argitaratzen zuen Agenda Latinoamerikarrako testuak itzuli nituen euskaraz atera ziren bi urteetan. Pearson argitaletxeak ingelesezko materiala euskaratzeko enkarguak ere egin dizkit.

Zer izan da zuretzat poema horiek itzultzea?

Erronka handi bat. Ez dut poesiarik idazten, ezta euskaraz ere, baina poemak sortuta daudenez, sormen lana egin beharrik ez dago. Itzulpena bera da sormen lana; izan ere, ingelesez dauden zenbait formula edo esapide ez daude euskaraz bere horretan ematerik, zentzurik ez luketelako izango. Esapide horien baliokideak edo antzeko maila izango dutenak sortu behar dira. Eta hori kostatu egin zait, neu ez nagoelako poesia idaztera ohituta. Bestalde, badaude kontzeptu batzuk hemen existitzen ez direnak; esaterako, testuetan aipatzen diren txori edo zuhaitz mota batzuk ez daude ez Europan, ez Euskal Herrian, eta hitz horiek, nolabait, sortu egin behar izan ditut.

Literatur lanak itzultzeko, idazlea izan behar al da?

Askotan eztabaidatu dugu horri buruz. Beti pentsatu izan dugu itzultzaileen eginbeharra jatorrizko lana euskarara hitzez hitz itzultzea dela, baina hori baino askoz gehiago da: testuingurua ulertu behar da, zertaz ari den, hitz zehatzekin zer esan nahi duen, zer kultur erreferentzia duen... Eta horri guztiari egokitu behar zaio itzultzailea. Batzuetan, baliteke zuzenean itzultzea, baina sormen lana eskatzen du askotan.
 

Hizkuntzak ezagutzea funtsezkoa da itzultzaile izateko. Horrek sortu al dizu zailtasunik?

Hizkuntza ondo ezagutu behar da, baina egun dauden erreferentziekin eta hiztegiekin lan hori arinduta dago. Erronka handiena bakoitzak norbere hizkuntza menperatzea da. Okigbok idazten duen ingeles maila euskarara ekartzeko, euskaraz oso ondo jakin eta hiztegi-lexiko aberatsa eduki behar da. Otamendik horretan asko lagundu dit, eta beste gauza asko neure kasa ikasi ditut. Zailtasuna hori izan da, ez hainbeste atzerriko hizkuntza menperatzea. Esaterako, ingelesez zer mailatako hitza den badakit, baina beharbada, maila horretako hitzik ez dut ezagutzen euskaraz. Eta hori ez da ez dagoelako, baizik eta ez ditudalako ezagutzen. Erronka hori polita da, eta ohartzen naiz zeinen ezjakina naizen nire hizkuntzan. Orain, esaterako, amari elkarrizketa etnografikoa egiten ari naiz, Barandiaranen galdetegiarekin. Itzundu hitza atera zen, tartean; ni sekula entzun gabea nintzen, eta parean zetorren Okigboren poema baterako. Hostogabetu hitza genuen sartuta aurrez, aparteko ederra ez zena. Itzundu hitza ezagututakoan ikusi nuen geure hizkuntzan badugula hitz askoz ere poetikoagoa eta literaturan zein eguneroko bizitzan askoz ere tradizio luzeagoa duena. Hori da nire erronka: gure hizkuntzak berak duen eskaintza ezagutzea.
 
Nahikoa liburu itzultzen al da euskarara?
 
Beti da ona liburuak euskarara itzultzea; zenbat eta gehiago, hobe. Halere, zenbateraino gaude prest itzulitako liburuak irakurtzeko? Eskoletan-eta oso talibanak gara zentzu horretan, eta  euskaraz idatzitakoa irakurtzen da beti euskal literatura lantzean. Beharbada, euskaraz sortutako obrak ez direlako, oso lan onak eta oso ondo itzulitakoak albora uzten ari gara.

Orain beste lanen batean murgiltzea pentsatu al duzu?

Agian bai, animatuko nintzateke. Barruko harra piztu zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide