Fran Garagarzak ez du Eibarko kirol zuzendari karguan jarraituko datorren denboraldian

Datorren ekainaren 30ean amaituko zaio futbol taldearekin duen kontratua Azkoitiko bizilagunari. Kirol zuzendari lanetan hamar denboraldi egin ditu, eta egindako lanagatik eta erakutsitako profesionaltasunagatik "eskerrak" eman dizkio Eibarrek. 

Fran Garagarzak ez du Eibarko kirol zuzendari karguan jarraituko datorren denboraldian. Eibarko klubak jakinarazi duenez, datorren ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua Azkoitiko bizilagunari, eta hark ez du zeregin horretan jarraituko.

Garagarzak 2011n hartu zuen Eibarren kirol zuzendari postua, aurretik harrobiko taldeen koordinatzaile eta lehen taldeko bigarren entrenatzaile izan ostean. Kirol zuzendari lanetan hamar denboraldi egin ditu, eta egindako lanagatik eta erakutsitako profesionaltasunagatik "eskerrak" eman dizkio Eibarrek.

Eibarren kaleratu duen oharraren arabera, klubaren profesionaltasunaren aldeko lana egin du urteotan Garagarzak, eta gaur egun, klub berean kirol zuzendari postuan urte gehien daramatzan pertsona dela gogorarazi du.

Honako lotura honetan irakur daiteke Maxixatzenek Garagarzari iaz egindako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide