Anaitasunak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu Santutxuri 5 eta 0 irabazita

Anaitasuna eta Santutxuren arteko norgehiagoka atzo, Txerloian.

Gol askoko garaipena eskuratu zuen atzo arratsaldean Txerloian Anaitasunako gizonen talde nagusiak; 5 eta 0 irabazi zion Santutxuri. Era horretan, urrats bat aurrera egin du Bigarren B mailarako play-offak jokatzeko aukera izateko.

Espainiako futboleko gizonezkoen Hirugarren Mailako Anaitasunak garaipen garbia erdietsi zuen Santutxuren kontra. Atzo arratsaldean jokatu zuten neurketa Txerloia futbol zelaian.

Lehenengo zatian, gorrixek oso eroso ibili ziren jokoan, eta orduan lortu zituzten aurreneko hiru golak. Golegileak Mikel Aramendi, Asier Ugarte eta Mikel Arzalluz izan ziren.

Atsedenaren ondorena, partidaren bigarren zatia, gogorragoa izan zen etxeko taldearentzat. Hala ere, aurkariak mendean eduki zituen, eta beste bi gol egitea lortu zuten Anaitasunakoek: Ander Arabaolazak eta Markel Ilzarbek sartu zuten gol bana bigarren zatian, garaipena borobiltzeko.

"Hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditugu", azaldu zuen Azkoitiko futbol klubak partidaren bukaeran. Izan ere, Bigarren B mailarako play-offa jokatzeko pauso bat aurrera egin dute gorrixek atzoko emaitzarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide