Maiatzaren Lehenean, "norabide aldaketa" aldarrikatu du LAB sindikatuak

Nerea Uranga 2021ko mai. 1a, 13:31

Maiatzaren Leheneko mobilizazioak herriz herri egin ditu LAB sindikatuak. Azkoitian elkarretaratzea egin dute, eguerdian, herriko plazan. Dozenaka lagun elkartu da bertan. "Eredu zaharretik eredu berrirako trantsizioa" egin beharra dagoela aldarrikatu dute; "trantsizio ekosozialista eta feminista", eta horretarako LABek Programa Sozioekonomikoa baduela aldarrikatu du.

Langileen borrokaren aldarria egin du LAB sindikatuak gaur, Maiatzaren Lehenean, herriz herri. Azkoitian dozenaka lagun batu da eguerdian herriko plazan egin duten elkarretaratzera. Pandemia langileentzako "luze" doala esan dute sindikatukoek, "sindemikoa bilakatu da egoera langileontzat, osasun krisia ez ezik, krisi ekonomiko eta soziala ere ekarri du". Norabide aldaketaren alde egiten ari direla esan du sindikatuak, "aldaketak ekidin ezinak eta ezinbestekoak direlako".

"Eredu zaharretik eredu berrirako trantsizioa" egin beharra dagoela aldarrikatu du, "trantsizio ekosozialista eta feminista", eta horretarako LABek Programa Sozioekonomikoa baduela adierazi du.

Kapitalismoak krisi bakoitza "bere burua berrantolatzeko eta indartzeko" baliatzen duela salatu du LABek, eta oraingo krisia ez dela salbuespena: "Europako Funtsek markatu dute joko zelaia, kapital transnazionalen neurrira eginiko errekuperazio ekonomikoa. Diru publikoa enpresa pribatuetara doa inolako kontrol politikorik eta ekonomikorik gabe. Ez dago enplegu duinaren aldeko apusturik, ez dago zerbitzu publikoak indartzeko asmorik. Zaintza krisiak eta krisi ekologikoak irtenbiderik gabe jarraitzen dute".

Aurten, dagoeneko, hemezortzi langile hil direla ekarri du gogora LABek, eta kritikatu egin du lan prekarietatea areagotzen ari dela. Joaquin Beltranen gorpuak Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen duela ere gogorarazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide