Ekintzailetza laguntzak eskatzeko epea ireki du Lanbidek

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 1a, 09:01

Azpeitiko Udalak kudeatuko ditu Urola Erdiko udalerri guztietako ekintzaileen eskaerak. Beraz, Azpeitiko udaletxean aurkeztu behar dituzte eskualdeko ekintzaileek beren eskaerak eta proiektuak, maiatzaren 18a bitartean.

Urola Erdiko ekintzaileei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea ireki du Lanbide enplegu zerbitzuak. Azpeitiko Udalak kudeatuko ditu eskualdeko udalerri guztietako ekintzaileen eskaerak. Beraz, Azpeitiko udaletxean aurkeztu behar dituzte eskualdeko ekintzaileek beren eskaerak eta proiektuak, maiatzaren 18a bitartean.

Bi motatako laguntzak izendatu ditu Lanbidek: negozio ideia bat duten ekintzaleentzako lerroa, batetik: eta bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko azken bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa, bestetik.

Negozio bat abiatzeko ideia dutenen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatzen da deialdi honetan, eta adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaerek 1.000 eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Urola Erdian aurkezten diren eskaeren artean, gehienez zortzi onuradunen proiektuak lagunduko ditu Lanbidek.

Jarduera abian jartzeko laguntzari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatzen da, eta epe hori amaitu ondoren enpresa abian jartzekoa ere bai. Hori horrela gauzatzen bada, eta adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko laguntza jasotzeko aukera izango dute beste zortzi ekintzailek.

Onartutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua maiatzaren 21ean hasiko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide