'Sin límites' telesaila errodatzen ari dira Santa Klara komentuan

Andoni Elduaien 2021ko api. 30a, 12:47

Zine munduko aurpegi ezagunak ari dira lanean Azkoitian, besteak beste, Simon West zine zuzendaria, Shelly Johnson argazki zuzendaria eta Alvaro Morte aktorea.

Sin límites telesailaren grabaketak ari dira egiten egunotan Santa Klara komentuan. Elkanok eta Magallanesek munduari itsasontziz emandako lehen biraren inguruko telesaila ari dira grabatzen. Hain zuzen ere, atzo hasi zituzten errodaje lanak Azkoitian, eta gaur, ostirala, amaituko dituzte. Espainiako Barne Ministerioarekin duten hitzarmena tarteko, RTVE eta Amazon Exclusivena da Sin límites telesaila, eta Mono Films eta Kilima Media ari dira ekoizten. 

Prime Videoren bitartez, munduko hainbat herrialdetan estreinatuko da telesaila esklusiban. Telesailak akzioa nahiz abentura eskainiko ditu 60 minutuko lau ataletan. Azkoitia ez da Euskal Herriko errodaje leku bakarra izango; izan ere, Getxon, Lazkaon, Oliten eta Iruñean ere grabatuko dute telesaila. 

160 bat lagun ari dira lanean Azkoitian. Elkanok Sevillako hainbat marinelekin duen elkarrizketa grabatuko dute Santa Klara komentuan, baita Andaluziako hiriko portuko upategi bateko eszenak ere. Espero ez zituzten grabaketak ere egingo dituzte; izan ere, komentuko atariko arkupeetako bat Sevillako kale bat izatea aurreikusi dute.

Simon West zuzendari britainiarra ari da telesaila zuzentzen, eta hura Azkoitian da egunotan. Akzio eta abentura film ugari egin ditu Westek, besteak beste, Lara Croft: Tomb Raider, Con AirLa hija del general eta Los mercenarios 2. Shelly Johnson argazki zuzendari estatubatuarra ere telesaila zuzentzen ari da. Johnsonek Jurassic Park III, The Wolfman eta Captain America: The First Avenger filmetan parte hartu du. Zuzendariez gain, aktore ezagunik ere bada Azkoitian. La Casa de Papel telesaileko Alvaro Morte protagonista Elkanoren papera ari baita gorpuzten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide