Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Najat Ouaissa: "Norbaitek ideia badu buruan bueltaka, saiatzeko gomendioa emango nioke"

Maxixatzen.eus 2021ko api. 29a, 19:00

Lanpostu ugari galduarazi dituen arren, aukera berriak ere sortu ditu osasun krisiak. Horietako aukera bat aprobetxatu du Najat Ouaissak, eta frutategia ireki berri du Azpeitiko Erdikalean.

Nola izan zen frutategia sortze prozesua? Hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa. Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Osasun krisia iritsi aurretik bizpahiru lan nituen: sukaldari eta garbitzaile lanak egiten nituen leku desberdinetan. Pandemiaren eraginez, ordea, garbitzaile lanak amaitu egin zitzaizkidan, eta sukaldariaren soldata gutxi zenez, zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Hala, beti funtzionatu lezakeen negozio bat zabaltzearen ideia izan nuen, nahiz eta ezin duzun inoiz jakin zer gertatuko den... Bilbon familia dut, haiek frutategiak dituzte, eta elikadurak beti duela irteera pentsatu nuen, eta hortik hasi nintzen.

Zeintzuk izan ziren jarraitu zenituen pausoak?

Lokala aurkitzea izan zen lehenbizikoa: inguruetan frutategirik ez egotea, leku jendetsua izatea... kontuan hartu beharrekoak izan ziren. Horrela iritsi nintzen Erdikaleko lokalera. Ondoren, bideragarritasun plana egin behar nuen, eta Iraurgi Berritzen agentziarekin jarri nintzen harremanetan, eta bertan eman zizkidaten jarraibide eta argibide guztiak. Egia esan, dena azaldu didate eta asko ikasi dut prozesu guztian zehar.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu, eta nola egin diezu aurre?

Gorabehera asko izan ditut prozesuan zehar, beldurra sentitzen duzu ez dakizulako ondo joango al den, eta momentu batzuetan aurrera ez jarraitzea pentsatu izan dut... baina, tira, aurrera egin dut eta orain oso pozik nago.

"Gorabehera asko izan ditut prozesuan zehar, beldurra sentitzen duzu ez dakizulako ondo aterako al den, eta momentu batzuetan aurrera ez jarraitzea pentsatu izan dut... baina, tira, aurrera egin dut eta orain oso pozik nago"

Zure kasuan, gainera, emakume etorkina zara. Horrek eragin al dizu gainerako oztoporik?

Ez, ez. Ez dut arazorik izan. Are gehiago, frutategia zabaldu ondoren, herritarrek ez diote garrantziarik eman nork ireki duen negozioa, berdin-berdin sartu dira. Oso gustura nago.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak?

Lasaitasuna esango nuke. Presio gutxiago duzu, nahiz eta lan asko egin behar duzun eta gogorra den. Gainera, gustukoa dudan zerbait egiten ari naiz.

Eta desabantailak?

Lanordu asko sartu behar dira, eta arduratsuago zaude.

Nola egiten duzu bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko oreka aurkitzeko?

Asko laguntzen ari zaizkit lagunak, seme-alabekin batik bat. Eskerrak haiei!

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Itxaropena. Ahal duzun guztia eman, ahalik eta ondoena egiten saiatu, eta zain egon, ondo irtengo denaren esperantza izan. Ondo eginez gero, emaitza onak izango dituzu.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Ireki berri dut negozioa, eta oraindik goiz da ezer esateko, baina gazteentzat janari lekua zabaltzea gustatuko litzaidake lokalaren beste aldean: kebab-ak, ogitartekoak, hanburgesak... Hori gauzatzeko, ordea, frutategiak sendotuta egon behar du.

Zein aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Buruan bueltaka duen ideia badu, saiatzeko gomendioa emango nioke ekintzaileari. Saiatu ezean, ez du inoiz jakingo ondo joan daiteken edo ez. Pausoak eman, eta ondo egiten saiatu, horiek esango nituzke direla aholkuak.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide