Kasu positiboek kopuru altuetan jarraitzen dute herrian

Bederatzi kasu hautemanagatik ere, intzidentzia tasak behera egin du herrian, eta 1.126,60an kokatu da. Eskualdean guztira 52 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi jakinarazi du koronabirusaren pandemia eragindako kasu positiboen herriz herrikako datuak. Txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan beste bederatzi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak behera egin du egunotan, atzo ere bai; izan ere, 1.159,98 zen herriko tasa atzo, eta gaur 1.126,60ra jaitsi da. 

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 52 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, aurreko egunean baino lau gutxiago. Dena den, zifrek ez dute joera aldaketarik baieztatzen, gorabeheratsu jarraitzen baitute herrietako intzidentzia tasek.

Atzo ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: 24. Duela bi aste baino gehiagotik, Zarauzko intzidentzia tasa gora eta gora egiten ari da, eta igo egin da berriro ere: 1.289,24koa da orain. Zumaian eta Azkoitian bederatzina kasu atzeman zituzten atzo (kopuru bera atzeman zuten herenegun Azkoitian, eta bat gutxiago Zumaian), eta oso altua da herri horietako intzidentzia tasa ere: 1.126,6koa Azkoitian eta 1.333,06koa Zumaian. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu atzeman zituzten, herenegun baino bi gehiago; herri txikia denez, hiru positibo berrien eraginez asko igo da intzidentzia tasa: 1300,39koa da orain.

Azpeitian, Getarian, Orion eta Zestoan bina kasu atzeman zituzten, eta jaitsi egin da lau herri horietan intzidentzia tasa apur bat (558,48koa da Azpeitian, 1.378,07koa Getarian, 1.011,09koa Orion eta 667,69ekoa Zestoan). Azkenik, kasu bat atzeman dute Aian, eta hango intzidentzia tasak gora egin du: 2.115,87koa da gaur egun. Aipatu bezala intzidentzia tasak gorabeheratsu dabiltzan arren, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek, Errezilek eta Beizamak izan ezik.

Hegoaldean, positibotasun tasa behera

Eskualdeko datuak baino hobexeagoak dira Hego Euskal Herriko datu orokorrak. Izan ere, Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, denera 15.057 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun lau probintzietan, eta horietatik 1.022k eman zuten positibo. Beraz, %6,9koa da positibotasun tasa hegoaldean. Lurraldez lurralde, 98 kasu atzeman zituzten Araban, 405 Bizkaian, 356 Gipuzkoan, 153 Nafarroan eta 10 lurralde horietatik kanpo.

Hobekuntza oso txikia bada ere, baikorragoak dira ospitaleetako datuak atzokoen aldean. Egoerak oraindik oso larria izaten jarraitzen du, baina atzo baino lagun bat gutxiago dago ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (542), eta ZIUetako okupazioak ere behera egin du (189 pertsona zeuden herenegun, eta 185 atzo). Ospitaleratze berriak asko izan ziren, ordea: 99.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide