LAB sindikatuak Azkoitian elkarretaratzera deitu du Maiatzaren Lehenerako

Aitziber Arzallus 2021ko api. 28a, 09:28
Iazko Maiatzaren Lehenean auto karabanak egin zituzten LABek deituta.

Hasiera batean Urola Kostako manifestazioa Azpeitian egingo zutela iragarri arren, "eskualdeko egoera epidemiologikoa ikusita" mobilizazioak herriz herri egitea erabaki du sindikatuak. Azkoitiko elkarretaratzea herriko plazan izango da, 12:00etan hasita. 

Urola Kosta eskualdeko egoera epidemiologikoa ikusita, Maiatzaren Lehenerako egitaraua moldatzea erabaki du LAB sindikatuak. Hasiera batean eskualdeko manifestazio nagusia Azpeitian egingo zutela iragarri bazuten ere, azkenean mobilizazioak herriz herri egitea erabaki dute. Azkoitian elkarretaratzea egingo dute, herriko plazan, 12:00etan hasita.

Oztopoak oztopo, aurtengo Langileen Nazioarteko Eguna "indartsu eta ozen" aldarrikatu nahi du LABek. "2020eko Maiatzaren Lehenean kalera irten ginen, sinbolikoki bada ere, kotxe karabanen bidez, eta aurten ere kaleak hartuko ditugu. Edozein mobilizaziotara joateko mugapenik ezin dela jarri jakin arren, LABetik lehenetsi dugu jendea batzeko bidea herrika egitea", adierazi du sindikatuak. 

Aurtengo Maiatzaren Lehena aldaketarako mugarritzat jarria du LABek. Argi du lanpostuen defentsan "bide berezitu bat" hasi beharra dutela: "Etor daitezkeen kapitalaren interesei lotutako lan murrizketei itxaron gabe, aurreratu beharra dugu". Izan ere, sindikatuko kideen aburuz, "ikaragarria" da jada eman den lan galera, "batez ere, gazteen eta emakumeen artean zein horiek lan egiten duten sektore prekarioetan". Horiek horrela, eta Maiatzaren Lehenerako hautatu duen leloak dioen moduan, aukera bakarra "aldaketa" dela uste du sindikatuak. "Orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz; zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz. Eta Maiatzaren Lehenera izango da aldaketarako mugarria".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide