Azkarateko hondakin gunea

Udalbatzaren erabakia errespetatzeko "ahal den guztia" egingo duela adierazi du Javier Zubizarreta alkateak

Julene Frantzesena 2021ko api. 27a, 16:04
Javier Zubizarreta alkatea.

"Herriaren erabakia badakigu zein den, eta gu herriaren nahia betetzen saiatuko gara", esan du Azkoitiko alkateak, Lurralde Antolamendu Batzordeak eraikuntza eta eraispen plantak eraikitzeko eremuen hirigintza arauak baliogabetu ostean. Udalak "gelditzen diren aukerak" aztertuko dituela ere esan du.

EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) ez du ontzat eman Azkoitiko Udalak –aho batez– eraikuntza eta eraispen hondakinen plantak eraikitzeko aurreikusitako eremuen hirigintza arauak baliogabetzea. Azkoitiko EH Bilduk eman du ebazpenaren berri gaur ohar bidez, eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak ere hitz egin du gaiaz dagoeneko. Hark azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren erabakia "ezezkoa" izan arren, udalbatzaren erabakia errespetatzeko "ahal den guztia" egingo du. "Herriaren erabakia badakigu zein den, eta gu herriaren nahia betetzen saiatuko gara".

Udalak azaldu duenez, 2020ko ekainean eman zioten hasiera eraikin eta eraiste hondakinen planta eragozteko arau subsidiarioen aldaketari, eta erakundeak gogorarazi du udaleko alderdi guztiek aho batez hartu zutela erabakia. "Momentuz, alderdien borondatea zalantzan jarri du EAELABen erabakiak". Udalak "gelditzen diren aukerak" aztertuko dituela ere esan du, "beste bide bat irekitzea posible al den ikusteko, eta kosta ahala kosta, plantaren eraikuntza saihesteko". Hala esan du udalak: "Atzertu egin behar da ea zein den geratzen den heldulekua".

EAELABek ebazpen proposamenaren berri atzo, astelehena, eman ziola jakinarazi du udalak, eta gaur onartu duela batzordeak. "Javier Zubizarreta alkateak gaur goizean eman die erabakiaren berri beste alderdi politikoetako ordezkariei", zehaztu du erakundeak. Gainera, udalak zehaztu duenez, "pauso bat" gehiago ere emana du: "Lurralde Antolaketaren Gidalerroak (LAG) eta EAEko Nekazaritza eta Basozaintzarako Lurralde Plan Sektorialak landa lurzoruaren eta EAEko udalerri guztietan ahalbidetzen dituzten zabortegiak, hondakinenak edota eraikuntza eta eraispen hondakinen plantak debekatzea ere adostu zuen. EAELABen erantzuna, kasu horretan ere, ezezkoa izan da; ez du onartu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide