Aniztasun funtzionala duten haur eta gazteen kirolerako eskubidea bermatzeko lantaldea aurkeztu dute

Urtzi Oteiza, Mireia Galarza eta Aitziber Arzallus 2021ko api. 27a, 16:14

Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Marea Urdina elkarteak parte hartuko dute lantaldean. Lehen urratsa eginda, desgaitasunak dituzten haurrekin, gazteekin eta haien familiekin biltzen hasiko dira aurki, dituzten premien eta interesen berri izateko eta horiei bide emateko.

Aniztasun funtzionala duten 6 eta 21 urte bitarteko haurrei eta gazteei kirolerako eskubidea bermatzeko, lantaldea sortu dute Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Marea Urdina elkarteak. Gaur goizean aurkeztu dute lantalde hori, Azkoitiko Elkargunean egin duten agerraldian. Lantaldea sortzea lehen urratsa besterik ez dela nabarmendu dute han bildu diren erakundeetako eta eragileetako ordezkariek, inklusioaren bidean oraindik lan asko dagoela egiteko. Dena dela, elkarlanerako gogoa eta borondatea badituztela adierazi dute denek, eta jarriko dituztela beharrezkoak diren baliabideak eta erremintak ere. 

Sarea osatuta, aniztasun funtzionala duten haurrekin, gazteekin eta haien familiekin biltzea izango da hurrengo urratsa, haien premien berri izateko, kirol egokitua praktikatzeko duten interesa ikusteko eta horiei bide emateko. Horretarako, erakundeak jarriko dira familiekin harremanetan eta informazio saio irekiak antolatuko dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Datarik ez dute jakinarazi oraingoz.

Gaurko aurkezpen ekitaldian, lantaldean parte hartuko duten erakunde eta eragile guztietako ordezkariak izan dira, eta Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzia izan da hitza hartzen aurrena. Haren esanetan, Azkoitiko Udalak aurretik ere egin ditu ahaleginak aniztasun funtzionala duten ikasleentzat kirol eskaintza hobetzeko, baina uste du indarrak batzeak "beste dimentsio bat" emango diola asmo horri, eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko balioko duela. "Inklusibitatea aipatzen dugu, baina inklusibitateak antolakuntza eta baliabideak eskatzen ditu, eta, batez ere, borondatea. Zentzu horretan, pausoak emateko prest gaude, gizarte hobeago bat eraiki dezakegulako denon artean".

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak eskola kirolak eta, oro har, kirolak barnebiltzen dituen balioak azpimarratuz hasi du hitzartzea, eta adierazi du orain arte horiek praktikatzeko modurik izan ez duten herritarrei aukerak ematea dela proiektuaren helburua. "Alde batetik, arazo eta desgaitasun desberdinak dituzten ikasleei eta herritarrei kirola egiteko aukera zabaldu nahi diegu; eta bestetik, beraien gelakideek, lagunek eta herritarrek dituzten aukera berdinak eskaini, beharrezko baliabideak eta leku erosoak eskura jarrita". Goenagaren hitzetan, hori baita inklusioa: "Herritar guztiok, denok batera, espazio berberetan eta modu berean kirola gauzatzeko aukera edukitzea". Proiektuaren garrantzia nabarmendu du, «gizarte behar bati erantzuten diolako».

Prozesuaren hasiera

Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren ordezkariak ere txalotu egin du lantaldearen sorrera. "Eskola kirolerako aukera izatea eskubide bat da, baina orain arte desgaitasuna duten haurrek eta gazteek urratuta ikusi dute eskubide hori; ez zaie aterik ireki". Abiatu berri dutena "prozesu bat" izango dela adierazi du, "hau hasiera besterik ez" dela. Federazioko kidea "harro" agertu da "horrelako talde indartsu baten parte izateagatik".

Aritz Orbezgozo Marea Urdina elkarteko kidea ere "eskertuta eta gustura" agertu da lantaldearen sorreragatik. "Gure senideak gizarteratzeko garaian, kirolak garrantzi handia dauka, eta eskola kirol inklusibo eta egokituaren alde bi udalak eta federazioa elkarlanean ikustea guretzat oso pozgarria da, eta harro sentitzen gara bailara honetaz". Erabiltzaile zein laguntzaile gisa, Marea Urdina "beti lanerako prest" egongo dela jakinarazi die lantaldeko gainontzeko partaideei; "nahi duzuenerako hor izango gaituzue".

Bukatzeko, Unai Asurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiko kiroletako plangintza teknikariak hartu du hitza. Haren arabera, gipuzkoarren %10ek desgaitasunen bat dute, baina diputazioaren kirol politiketan %10era ez da iristen ikuspegi hori; beraz, badute eskaintza berrantolatzeko beharra. "Ekitatea daukagu jomuga, eta legez daukagu derrigortasuna, kirola eskubidea delako. Eskubide hori gauzatzeko orain arte ez zegoen ez begiradarik ez balibiderik, eta gaurko argazkiarekin, argi eta garbi gelditzen da begirada hori txertatua daukagula". Lehenengo saiakera izanda, denean ez dutela asmatuko aurreratu du, baina saiatzeko konpromisoa hartu du. "Emaiguzue aukera, familiak gonbidatzen zaituztegu ekimenean parte hartzera, eta aurki izango duzue gure deia proiektuan parte hartzeko. Guztiok gonbidatuta zaudete, guztiok lekua daukazue, eta ea lortzen dugun %10 horrek bere kirol eskubidea bermatua aurkitzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide