Plaka jarri du udalak Gernikako arbolaren kimuaren parean, Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrenean

Julene Frantzesena 2021ko api. 26a, 14:32
Jaun Bautista Mendizabal eta Javier Zubizarreta plakaren aurrean. (Azkoitiko Udala)

Balda jauregiaren aurrean dago landatuta zuhaitza. Udalak adierazi duenez, gaur kimuaren aurrera egin duten bisitak "balio sinbolikoa" du, eta berriro halakorik gerta ez dadin, "izugarrikeria" hura oroimenean bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu dute Javier Zubizarreta alkateak eta Juan Bautista Mendizabal zinegotziak.

Balda jauregiaren aurrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek emandako Gernikako arbolaren kimu bat dago landatuta 1999ko martxoaren 1az geroztik. Gaur, 84 urte dira Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutakoen aliatuek, Alemania naziaren eta Italia faxistaren armadek, Gernikako herria (Bizkaia) bonbardatu zutela, eta urtemuga hori dela eta, kimuaren parean plaka bat jarri du Azkoitiko Udalak.

Kimuaren benekotasuna ziurtatzen duen plaka da udalak jarri duena, eta han izan dira Javier Zubizarreta alkatea eta Juan Bautista Mendizabal Ondare eta Turismo zinegotzia. Udalak adierazi duenez, gaur kimuaren aurrera egin duten bisitak "balio sinbolikoa" du, eta berriro halakorik gerta ez dadin, "izugarrikeria" hura oroimenean bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu dute bi udal ordezkariek.

Plakan honako testu hau irakur daiteke, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: "Gernikako arbolaren kimua. Euskal Herriaren askatasunen eta bake gogoaren ikurra. Herri hura izan zen, 1937an, mundu mailan biztanleria zibilaren kontra izandako lehen bonbardaketamasiboaren gertalekua eta Pablo Picassoren Guernica obraren inspirazioa”.

Gernikako arbolaren kimua haritza da, quercus robur familiakoa zehazki. Hala azaldu du udalak: "Euskal Herriaren askatasunen eta euskaldunen unibertsaltasunaren ikurra den Gernikako Batzar Etxean dagoen jatorrizko zuhaitzetik dator genetikoki". Erakudearen arabera, baina, plaka jartzea falta zen. "Duela gutxi kimatu da zuhaitza, eta plaka jartzeko eta borobiltzeko une egokia zela pentsatu genuen".

Gernikako arbolaren kimua Azkoitiaren 675. urtemugako ospakizunen harira landatu zuten Banda jauregiaren atarian, eta Azkoitiko udaletxeko udalbatza aretoan ikus daiteke zuhaitzaren benekotasuna egiaztatzen duen agiria, Bizkaiko Batzar Nagusien orduko presidente Aitor Estebanek sinatutakoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide