Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Gaizka Otamendi: "Funtsezkoa iruditzen zait sartu nahi duzun negozio horren berri izatea edo ezagutzea"

Maxixatzen.eus 2021ko api. 15a, 19:00

Egoera berezia eta larria bizi arren, badaude negozio propioa sortzea erabaki duten pertsonak. Horien artean aurkitzen da Gaizka Otamendi azpeitiarra. Izan ere, Lopene harategia eta barazki dendaren ardura du apirilaren hasieratik.

Gaizka Otamendik (Azpeitia, 1984) Azpeitiko Elizkaleko Lopene harategia eta barazki denda hartu berri du, eskualdaketa bidez.

Nola izan zen sortze prozesua? Hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa. Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Aurretik beste harategi batean nenbilen lanean, baina hura utzi egin nuen. Geroago, eta kasualitatez, erretiroa hartzen zuela jakin nuen Lopene harategikoak eta aukera ikusi nuen. Galdetzera eta neure burua eskaintzera joan nintzen, eta baiezkoa jaso nuen. Nondik hasi edo jarraitu beharreko pausoak jakiteko, Iraurgi Berritzenera jo nuen, eta han, ekintzailetza sailekoek gidatu ninduten. Izan ere, ez duzu jakiten zer egin behar duzun, galduta sentitzen zara, eta laguntza ikaragarrizkoa da.

Zure kasuan, gainera, eskualdatzea izan da. Azpeitiko erdigunean kokatutako negozio batekin jarraituko duzu, horrek gertuko ekonomiarentzat duen garrantzia handia izanik.

Bai, hala da. Gaur egun, gainera, saltokiek ez dute etorkizun oso argia, baina beti izan dut gustuko Alde Zaharra, eta oso gustura nago horretan nire aletxoa jartzeaz.

Enpresa plana garatu zenuen edota formakuntzaren batean parte hartu zenuen?

Nik ez nuen formakuntzarik jaso, eta enpresa plana garatzeko Iraurgi Berritzeneko laguntza jaso nuen: bideragarritasun plana egiten lagundu zidaten. Bestela, ezinezkoa izango nuke.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu, eta nola egin diezu aurre?

Izapideak. Ezin duzu imajinatu zenbat paper bete behar diren! Batzuetan prozesua eteteko gogoa ere izan nuen. Berez, lau huskeria dira, baina, ezjakintasunean, ez dakizu nondik hasi behar duzun ere, eta Iraurgi Berritzenen hori argitzen dizute, jarraitu beharreko pauso guztiak agertzen dizkizute eta egiten laguntzen dizute.

"Berez, lau huskeria dira, baina, ezjakintasunean, ez dakizu nondik hasi behar duzun ere, eta Iraurgi Berritzenen hori argitzen dizute, jarraitu beharreko pauso guztiak agertzen dizkizute eta egiten laguntzen dizute"

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Desabantaila nagusia lo gutxiago egiten duzula da. Abantaila, berriz, zure bizitza antolatu ahal dezakezula.

Antolaketa horretan, bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekaz ari al zara?

Bai, orain, ardurak izan arren, desberdinak dira. Hala ere, erraz deskonektatzen dut; mendira joaten naiz, jaten ematen diet behiei... Nahiz eta denbora guztian lana eta negozioa buruan izan, balio izaten dit pixka bat deskonektatzeko.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Funtsezkoa iruditzen zait sartu nahi duzun ogibide edo negozio horren berri izatea, edo ezagutzea. Lehendabizi hori, eta, ondoren, gauzak garbi izatea.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Asko gustatuko litzaidaken gauza zera da; neure ganadutegiko txahalen haragia saltzea. Pauso garrantzitsua izango litzateke, baina ikusiko da ahal dudan edo ez, prezioak igotzen ari dira, eta zailtasunak gero eta gehiago dira zentzu horretan.

Zein aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Poliki hasteko aholkua emango nioke. Pixkanaka hastea, eta ez nahi izatea dena batera saldu edo egitea. Horrez gain, aurrez esan bezala, funtsezkoak iruditzen zaizkit ematera zoazen pausoaz ziur egotea eta negozioa ezagutzea. Non sartzera doan ez badu ezagutzen, oso zaila egingo zaio.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide