Samiñora eta Kakutera irteerak antolatu ditu maiatzaren 8rako Azkoitiko Sarek

Julene Frantzesena 2021ko api. 24a, 13:41
Azkoitiko hainbat mendizalek egin dute bat Sareren egitasmoarekin.

Sarek antolatuta, Euskal Herriko 650 tontorretara ibilaldiak egingo dituzte herritarren egun horretan, eta azkoitiarrek bi irteera izango dituzte aukeran. Egitasmoarekin bat egin dute herriko hainbat mendizalek, eta horiek argazkia atera dute gaur.

Azkoitiko Sarek bi mendi irteera antolatu ditu maiatzaren 8rako. Euskal Herriko 650 tontorretara ibilaldiak egingo dituzte herritarren egun horretan; izan ere, Sareren helburua da egun horretan Euskal Herriko biztanle kopurua kilometrotan egitea, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxerako bidea irudikatzeko.

Azkoitiarrek Samiñora zein Kakutera joateko aukera izango dute maiatzaren 8an, larunbatez, eta gaur herriko hainbat mendizalek egitasmoarekin bat eginez argazkia atera dute. Herritar orok parte hartu ahal izango du hemendik bi asteburutara gauzatuko diren txango batean nahiz bestean, baina Sareko ordezkariek azaldu dutenez, Samiñora irteera familientzako egokiagoa izan daiteke. 

Samiñora joateko hitzordua 09:30ean jarri dute Epeldeko bidegurutzean. Kakutera igoera ere ordu berean hasiko dute, baina plazatik aterako dira mendizaleak. Samiñon nahiz Kakuten, bietan taldeko argazkia aterako dute egitasmoarekin bat egiten duten herritarrek. Egitasmoan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina Sarek horretako aukera jarri du honako webgune honetan.

Joan zen urteko urrian zen Sare 650 tontorretara igoerak egitekoa, baina eguraldi txarra medio, atzeratu egin zuen data. Izan Bidea egitasmoaren barruan prestatu du Sarek tontorren egitasmoa, eta herritarrei irteeretan parte hartzeko deia egin die.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide