Idiakez Ederra etxearen salmenta lizitaziora aterako du udalak, etxebizitza libreak egiteko

Aitziber Arzallus 2021ko api. 22a, 18:08
Idiakez Ederra etxea. (Azkoitiko Udala)

Kale Nagusiko 80. zenbakian babestutako etxebizitzak eraikitzeko asmoak bertan behera utzi, eta eraikina etxebizitza libreak egiteko saltzea erabaki du udalak. "Azkarren mugituta ere, eta baikorrak izanda", lanak hasterako 2022. urtearen bukaera izango dela aurreratu du alkateak.

Idiakez Ederra etxearekin zer egin "zorrotz" aztertu ostean, erabakia hartu du Azkoitiko Udalak: eraikinaren salmenta lizitaziora aterako du, etxebizitza libreak eraikitzeko. Kale Nagusiko 80. zenbakian babestuko etxebizitzak eraikitzea zen udalaren hasierako asmoa, baina saiakera guztiak hutsean geratu ostean, bestelako erabakia hartu behar izan du.

Javier Zubizarreta alkateak adierazi du ez dela "azaletik hartutako erabakia" izan. "Visesa sozietate publikoak ateratako lizitazioa hutsik geratu eta udalarekin zuen hitzarmena bertan behera laga zuenetik, ez gara gelditu". Bilera ugari egin dituztela esan du, nola enpresekin hala higiezinen agentziekin; "eta erabakia hartuta dago". Udalaren esanetan, erakinaren salmenta lizitaziora ateratzea da "andamioen azpian ezkutaturiko eraikinaren irudia herrigunetik desagerrarazteko modurik egokiena". 

Udalak gogora ekarri duenez, iazko martxoan Visesak obrak lizitaziora atera eta guzti egin zituen. "Alabaina, eraikinaren singulartasunak, kultur ondare monumentu izendapenarekin, esku hartze ia kirurgikoa eskatzen du, eta ondorioz, lanen kostua urrundu egiten da babestutako etxebizitzak mugitzen diren parametroetatik". Visesak hitzarmena bertan behera utzi zuenean, hutsetik hasi behar izan zuten. "Ia amaierara iritsita geunden. Tunel amaierako argia ikusten genuen, baina ezinezkoa izan zen. Ez dugu itxaropena galtzen. Orain, behin benetako bideragarritasuna neurtzeko aurrelan arretatsua eginda, berriro helduko diogu proiektuari”, adierazi du alkateak.

Lanek izango luketen kostua izan da orain arteko traba nagusia. Udalaren arabera, "eragozpen hori gainditu eta proiektua berraktibatzeko xedez aterako da etxearen salmenta lizitaziora, herritarrek oihuka eskatzen baitute irtenbide bat". Horrela, Idiakez Ederrari bizitza ematea espero du, "bestela, gurpila ez da-eta mugituko".

Eragiketa ahalbidetzeko, lizitazioan 500.000 euro inguruko udal dirulaguntzaren bermea jasoko dela zehaztu du udalak, eta esleipendunak udalaz gaindiko erakundeetatik, hala nola, Eusko Jaurlaritzako edo Foru Aldundiko Ondare zuzendaritzetatik jasoko dituen dirulaguntzetatik kenduko dela. "Errazagoa zatekeen eraikina bota eta berria egitea, baina erakundeon betebeharra da ahalegin bat egitea ondare historikoa babesteko". Esleipendunak 2022an eta 2023an dirulaguntza eskaerak aurkeztu beharko ditu dagokion erakundeetan eta prozesu hori guztia udalaren gainbegirapean egingo da. Baldintzetan jasoko den beste puntu bat da eraikinaren beheko solairuari dagokiona, solairu hori udalaren esku geratuko baita. Jubilatuen elkartearen egoitza berria hura izatea da udalaren asmoa.

Alkatearen aburuz,"ez dago beste aukerarik". "Gainontzeko alderdiek ere ez dute alternatibarik aurkeztu. Gauza bat da zer nahiko genukeen esatea, eta bestea, benetan egin daitekeena". Udaleko kontratazio arloko teknikariak dagoeneko hasita daude lizitaziorako oinarriak lantzen. "Lehenengo lizitaziora atera behar da eta denbora emango du, gero salmenta esleitu, proiektu bat garatu, lizentziak eman eta azkenean, obrak hasiko dira. Azkarren mugituta ere, eta baikorrak izanda, 2022 amaieran hasi ahalko lirateke obrak", adierazi du Javier Zubizarreta alkateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide