Ttipi Ttapa programaren lehen saioan parte hartu dute zenbait lagunek

Andoni Elduaien 2021ko api. 22a, 13:52

Udalak jakinarazi duenez, "oso erantzun ona" izandu egitasmoko lehen saioak. Giro ona, berriketa atsegina eta ariketa fisikoa uztartu dituzte parte hartzaileek herriko kaleetan zehar.

Gaur, osteguna, Ttipi Ttapa programako lehen ibilaldia egin dute herrian zehar. Azkoitiko Udalak antolatutako programa da Ttipi Ttapa, eta egitasmoaren helburua da adineko pertsonen artean ohitura osasungarriak sustatzea, eta horrekin batera, sozializazioan laguntzea.

Udalaren arabera, gaurko saioa "oso giro onean" egin dute. Hamabost lagunek parte hartu dute lehen ibilaldian, eta saioak iraun duen bitartean begirale lanak egin dituzte Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko zikloko lehenengo mailako ikasleek.

Parte hartzaileetako batek botatako irrintzi batekin, 10:00etan hasi dute lehen ibilaldia Aizkibel liburutegiaren parean. Osasun protokoloa betetzen zela baieztatu ostean, taldeka banatu dituzte partaideak. Ekimena esperientzia pilotu gisa hasi du udalak, eta "oso erantzun ona" jaso duela adierazi du; izan ere, lehen egunaz "balorazio oso positiboa" egin dute partaideek. 

Proiektua garatzeko Udalak bidelagun ditu Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa, Azkoitia Lagunkoia eta Plaza Ondo jubilatuen elkartea. Hain zuzen ere, gaurko ekimenean parte hartu dute Azkoitia Lagunkoia taldeko zenbait kidek, Kirol Orientazio Zerbitzuko orientatzaileak eta Janire Igoa zein Mertxe Zubillaga zinegotziek. Udalaren planteamendua da boluntariotzako beste elkarte batzuekin "indarrak batzen jarraitzea" eta "sarea zabaltzen" joatea.

Hurrengo ibilaldiak, maiatzean

Hurrengo ibilaldiak maiatzaren 6an eta 27an egingo dituzte. Gaur bezala, egun horietan ere irteera topagunea Aizkibel Liburutegian izango da, 10:00etan. Parte-hartzea doakoa da, eta partaideek bi ibilbideren artean aukeratu beharko dute iraupenaren eta zailtasunaren arabera. 

Interesa duten pertsonek izena eman dezakete Plaza Ondo elkartean edota udaletxean –Herritarren Arreta Bulegoan– bertara joanda edo 943-08 00 80 telefono zenbakira deituta. Iragarritako irteerak ostegunetan direnez, izena emateko azken eguna ibilaldiaren aurreko astelehena izango da kasu guztietan.

Argazkiak: Azkoitiko Udala

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide