Greba deialdiarekin bat egin dute Azkoitiko hainbat langile publikok

Anartz Izagirre 2021ko api. 22a, 12:30
Xabier Munibe Ikastola.

Herriko ikastetxe publikoetako eta zerbitzu publikoetako hainbat beharginek egin dute bat grebarekin, baina zentro bakoitzean eragin desberdina izan du lanuzteak. ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute greba deialdia.

Langile publikoen behin-behinekotasuna salatzeko greba eguna da gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, langile publikoak deitu dituzte gaur grebara ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek, eta Azkoitian ere ari da eragina izaten deialdia. Herriko ikastetxe publikoetako eta zerbitzu publikoetako behargin hainbatek egin du bat deialdiarekin.

Xabier Munibe Ikastolan, esaterako, Haur Hezkuntzako irakasleen %7,4k egin dute bat greba deialdiarekin, eta Lehen Hezkuntzan, %15ek. Hezkuntza bereziko hezitzaileen kasuan altuagoa izan da greba egin dutenen kopurua; hain zuzen ere, hezitzaile horien %80 ez da lanera joan. Dena den, autobus, zaintza eta jangela zerbitzuek normaltasunez funtzionatuko dute gaurko egunez. Bestelako egoera izan da Azkoitia BHIn, zentro horretako arduradunen arabera, "normaltasunez" ari baitira lanean hango langileak.

Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ere hainbat izan dira grebarekin bat egin duten pertsonak. Guztira, 41 behargin publiko daude ikastetxe horretan, eta horien %34k bat egin dute grebarekin. Bestalde, Azkoitiko Udalean ere planto egin dute hainbat langile publikok; 67 langile daude guztira udalean, eta 24k egin dute bat sindikatuen deiarekin.

Behin-behinekotasunaren aurka

Greba deitu duten sindikatuek, besteak beste, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela "negoziaziorako borondaterik erakutsi", eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila "guztiz onartezina" dela iritzi diote. "Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan", adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen "zerbitzu pubikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko" asmoa dagoela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide