Orion elkarteko kideek emaitza ezinhobeak lortu dituzte Leitzarango arrantza txapelketan

Aitziber Arzallus 2021ko api. 22a, 09:00
Joanes Davila (ezkerretik aurrena), Aimar Ansola (ezkerretik bigarrena) eta Joanes Karrera (eskuinetik bigarrena).

Salmonidoen euli-arrantza modalitatean, jubenilen mailako Euskadiko txapelketa jokatu zuten asteburuan Leitzaran ibaian, eta aurreneko hiru postuak hiru azkoitiarrentzat izan ziren. Aimar Ansolarentzat izan zen garaipena, Joanes Karrera gelditu zen bigarren, eta Joanes Davila hirugarren. 

Pandemia dela eta, azken urtean nahi baino txapelketa gutxiagotan parte hartzeko aukera izan dute Azkoitiko Orion arrantza eta ehiza elkarteko kideek, baina sasoirik ez dute galdu. Horren erakusgarri, joan den asteburuan erdietsi zituzten emaitzak. Euskadiko Arrantza eta Kasting Federazioak antolatuta, salmonidoen euli-arrantza modalitateko jubenilen mailako Euskadiko txapelketa jokatu zuten Leitzaran ibaian, eta hiru azkoitiarrek osatu zuten podiuma: Aimar Ansolak egin zuen aurrena; Joanes Karrerak, bigarren; eta Joanes Davilak, hirugarren.

Ansolarentzat eta Karrerarentzat federatu gisa parte hartu duten lehendabiziko txapelketa izan zen asteburukoa; Davilak, aldiz, esperientzia handiagoa du. 2019an, esaterako, Espainiako Txapelketan parte hartu zuen, eta baita hirugarren postua lortu ere, Jokin Sudupe herrikidearekin batera. Aurten ere Euskadiko Selekzioak dei egin dio maiatzaren 6tik 9ra Caceresko Gargantas de la Veran (Extremadura, Espainia) jokatuko duten Espainiako Txapelketan parte hartzera. 

Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketak egutegi ofizialekoak dira, eta horietan parte hartzen dutenak, kirolari federatuak. Hala ere, pandemiaren eragina nabaria dela adierazi du Mikel Godoy Orion elkarteko kideak, eta Leitzarango txapelketan ere ohi baino askoz parte hartzaile gutxiago izan zirela. "Elkarte gisa, gure helburuetako bat da gaztetxoen artean arrantzarako zaletasuna bultzatzea. Hauei ilusioa egiten zien parte hartzeak, eta guk, ahal dugun heinean, lagundu egiten diegu".

Dena dela, denboraldia "nahiko airean" dagoela aitortu du. "Oraindik ez dakigu txapelketa gehiago jokatzeko aukerarik egongo den". Herrian umeentzat antolatu ohi duten txapelketa egiterik izango duten ere ez dakitela esan du. "Iaz ez genuen aukerarik izan eta aurten gustatuko litzaiguke egitea, baina unean uneko egoerak baldintzatuko du dena".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide