Intzidentzia tasak etenik gabe gora egiten jarraitzen du Azkoitian

Amaia Urbieta 2021ko api. 21a, 13:10

Kasuek behera egin badute ere, intzidentzia tasak bederatzi puntu egin du gora. Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dago eremu gorritik kanpo: Elgoibar.

Azken egunetako koronabirus kasu berrien igoerak ez du etenik, baina Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, atzoko datuak azken egunetakoak baino baxuagoak dira Azkoitian. Guztira sei kasu positibo hauteman zituzten atzo egindako PCR eta antigeno testetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gutxi, baina gora egin du; 1.385,30ean kokatu da gaur-gaurkoz.

Urola Kosta eskualdeko herrietan, berriz, guztira 78 kasu berri atzeman dituzte, atzo baino bat gehiago, eta orokorrean, gora egin dute intzidentzia tasek. Gaur-gaurkoz, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako ia herri guztietan 1.100dik gorakoa da intzidentzia tasa. Zarautzen atzeman zituzten atzo ere kasu gehien: 23. Kezkagarria da oso kostako herri horren egoera; izan ere, azken zazpi egunetan denera 166 kasu zenbatu dituzte, eta azken bi asteetan igoera izugarria izan du bertako intzidentzia tasak. Atzoko datuen arabera, 1.223,09koa da gaur-gaurkoz.

Inguruko herrien egoera ere larria da. Getarian lau kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko tasa 1.448,76koa da, atzoko kopuru bera. Zumaian azken egunetako kasu gehien zenbatu zituzten atzokoan: hamabost. Hori dela eta, igoera nabarmena izan du hango intzidentzia tasak, eta 1.139,72koa da orain.

Azpeitia eremu gorrian baldin badago ere, azken boladan eskualdeko gainontzeko herrietan baino positibo gutxiago ari ziren zenbatzen herri horretan. Atzoko datuek joera hori hautsi, eta bertako intzidentzia tasa 500etik gora kokatu dute. Hamabi positibo berrirekin, 551,91koa da hango tasa. Orion, berriz, zazpi kasu berri atzeman zituzten atzoko probetan, eta 1.223,09ra igo da intzidentzia tasa. Aian eta Zestoan ere zenbatu zituzten kasu berriak, bat eta hiru, hurrenez hurren, eta mantendu egin dira herri horietako intzidentzia tasak: 1.763,22koa da Aian eta 616,33koa Zestoan.

Gipuzkoa, kezka iturri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dituzten datuen arabera, 15.453 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta horietatik 1.198k eman zuten positibo; alegia, %7,7k. Horietatik 120 Araban atzeman zituzten, 445 Bizkaian, 420 Gipuzkoan eta 196 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamazazpi lagunek ere eman zuten positibo atzokoan. Lau lurraldetan dira kezkgarriak datuak, baina azpimarratzekoa da Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dagoela gaur egun eremu gorritik kanpo: Elgoibar, 251,30ko tasarekin.

Ospitaleen egoerari dagokionean ere, txarrak dira azken datuak. 117 ospitaleratze berri izan ziren atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta guztira 553 lagun daude ospitaleratuta (apirilaren hasieran baino 187 gehiago). Zainketa Intentsiboen Unitateetan daudenen kopuruak ere hazten jarraitzen du egunez egun; 158 daude gaur-gaurkoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide