Maiatzaren Lehenerako manifestazioa antolatu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Aitziber Arzallus 2021ko api. 18a, 19:53
Ostiralean Azpeitiko plazan egin zuten agerraldia. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Historia iraultzailetik prozesu sozialistara! lelopean, 18:00etan abiatuko dira herriko plazatik. "Desjabetuoi geure memoriaren jabetza ere ukatua zaigun honetan, langileona dena langileongandik eta langileontzat aldarrikatzera" datozela adierazi dute, "antolakuntza komunista aldarrikatzera; tradizio iraultzailetik ikasita, kultura sozialista bat eraikitzera, bidean bakoitzak ahal duena emanez, ezer ez daukatenengatik". 

Maiatzaren Lehena gainean da, eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak mobilizazioak antolatu ditu egun horretarako. Historia iraultzailetik prozesu sozialistara! lelopean, manifestazioak egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Azkoitikoa 18:00etan abiatuko da herriko plazatik.

Kontseilu Sozialistako kideek ostiral arratsaldean egin zuten Maiatzaren Lehenerako asmoak iragartzeko ekitaldia, Azpeitiko plazan. Langileen Nazioarteko Eguna nondik datorren azaltzeaz gainera, gaur egun langileek bizi duten egoeraz mintzatzeko baliatu zuten agerraldia, eta baita "etorkizun sozialista baterako baldintzak jartzeak" daukan garrantzia nabarmentzeko ere. Hona hemen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek irakurri zuten oharra, hitzez hitz:

"XIX. mendeko Estatu Batuetatik datorren oroitza eguna dugu Maiatzaren Lehena. Bortizki desjabetuak izan ziren eta kapitalismoaren atzaparretatik ihesean zebiltzan milioika langile zukutzen hasi zen klase kapitalista garai hartan. Maiatzaren lehen  hartan Estatu Batuetako langileriaren gehiengo zabalak grebara jo zuen beren lan-baldintzen hobekuntzen alde. Baina bi egunera milaka manifestarik greba-hausleen aurka jo zutenean, poliziak sei langile erail zituen. Hala ere, langileen adore eta borrokaren jarraikortasuna gailendu zen, eta handik urte gutxira legea aplikaratuaztea lortu zuten, beren aldarrikapenak lortuz. Hauxe historiaren gordina, eta hauxe gure gaurko bizi-baldintzen arrazoia: langile antolakuntzaren ahalmena eta burgesiarekiko indar-harremana.

Badago zer ikasia orduko gertakarietatik. Gaur ere kapitalismoa krisi egoera larrian dago, eta horrek proletarizazio prozesua berekin ekarri du, hau da, lan- eta bizi-baldintzen kaskartze betean gaude. Egoera historiko hauetan mekanismo autoritarioak ezarri izan ditu klase kapitalistak ordena burgesa mantentzeko: itxiera perimetralak, etxeratze aginduak, jazarpen poliziala… Badu bai, egungo egoeraren antzik 1886ko Chicagoko hiriak.

Ofentsiba kapitalista bete-betean gaude beraz. Botere sozial burgesak mugarik ez duela dirudien honetan, langileria gorputz eta buru kontrolatzeko geroz eta mekanismo zakarragoak darabiltzate eta ez da agertzen kontrapisurik, edo behintzat, irmotasunez erantzuteko gaitasunik edo borondaterik duen inor. Horrela, burgesiak ez du zertan instituzio politiko kapitalisten legea bera ere aplikatu ezpada indar antagonista baten presioagatik. Hau da, proletalgo antolatu eta borrokalariaren faltan, eskubide formal hauek paper busti bihurtzen dira, eta behin eta berriz legalitate burgesa bera ere urratzen dute gure aurka.

Gauzak horrela, gure ekarpena, xumea izanagatik ere, langileon historia aztertuz etorkizun sozialista baterako baldintzak jartzea da; programa komunista erreal baten garapenerako aletxoa jartzea: inork inor zapal ez dezan; zapalkuntza ezberdinekin amaitzeko aukera bakartzat ulertzen dugulako komunismoa.

Desjabetuoi geure memoriaren jabetza ere ukatua zaigun honetan, langileona dena langileongandik eta langileontzat aldarrikatzera, eta beraz, antolakuntza komunista aldarrikatzera gatoz. Tradizio iraultzailetik ikasita, kultura sozialista bat eraikitzera, bidean bakoitzak ahal duena emanez, ezer ez daukatenengatik. Urola Erdiko Kotseilu Sozialistatik Maiatzaren lehenean, beraz, eskualdeko hiru herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaituztegu. Azkoitiko eta Zestoako plazetan 18:00etan eta Azpeitiko plazan 20:00etan ikusiko dugu elkar".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide