Beste 346 positibo baieztatu dituzte Gipuzkoan

Aitziber Arzallus 2021ko api. 18a, 13:02

Atzo egindako probetan, 914 kasu berri atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Gipuzkoako 346ez gain, 323 hauteman zituzten Bizkaian, 139 Nafarroan eta 97 Araban.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo koronabirusa atzemateko 10.876 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 914k eman zuten positibo; %8,4k hain zuzen. Nafarroako positiboen kopuruak eta positibotasun tasak apaltzera egin du azken egunotan, eta %5,4 da gaur; ez, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak: %9,3koa da.

Lurraldeka, Gipuzkoan hauteman zituzten kasu berri gehien: 346. Bizkaian 323 zenbatu zituzten, Nafarroan 139 eta Araban 97. Atzo beste 80 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, 140 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU).

Eusko Jaurlaritzak bihar eguneratuko ditu herriz herriko datuak, eta bihar jakinaraziko du asteartetik aurrera itxita egongo diren herrien zerrenda ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide