Espetxe politikaren gaineko adierazpen bateratua sinatu dute Azkoitia Baik, EAJk eta EH Bilduk

Anartz Izagirre 2021ko api. 16a, 15:50
Martuteneko kartzela. (Irutxuloko Hitza)

Lau puntuko adierazpen bat sinatu zuten Bilboko Euskalduna jauregian hainbat euskal alderdi politikok eta sindikatuk, eta Azkoitiko EAJko, EH Bilduko eta Azkoitia Baiko ordezkariek ere beren atxikimendua adierazi dute. Besteak beste, euskal presoei eragiten dien sakabanaketa politikarekin amaitzea eta Espetxeetako Lege Orokorra betetzea eskatzen dute.

Euskal presoei eragiten dien urruntze politikaren eta espetxe politikaren inguruko adierazpen bat sinatu zuten hainbat alderdik eta sindikatuk joan zen abenduaren 12an Bilboko Euskalduna jauregian, eta adierazpen hori izenpetu dute Azkoitiko EAJko, EH Bilduko eta Azkoitia Baiko ordezkariek ere. Lau puntuz osatutako adierazpena da, eta, besteak beste, Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzeko, espetxe politika aldatzeko eta sakabanaketa politikarekin amaitzeko eskatzen dute. Honako alderdi eta sindikatu hauek izenpetu zuten testua: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, ELA, LAB, UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT.

Hona hemen adierazpena, osorik:

"Gaur gure udalerriko hiritarren aurrean aurkezten garen alderdi politikok pertsona euskaldun presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko gure azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi dizkiegu Espainiako Gobernuari eta euskal zein nafar iritzi publikoari.

Sinatzen dugun alderdiok, euskal erakunde gehienetan eta sindikatu gehienekin askotan adostu ditugun adierazpenetan honako hau eskatu izan dugu: Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu honetan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten dute: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz.

COVID-19ak eta konfinamenduak pandemia honek espetxeratuentzat dituen ondorioei buruzko eztabaida ireki dute. Hilabete hauetan ugariak izan dira erakunde politiko eta sozialen ekimenak, nazioarteko erakundeen gomendioak jarraituz, Europatik, Madriletik, Gasteizetik eta Iruñetik eskaera hau egin dutenak: dagokien agintariek har ditzatela neurri espezifikoak pertsona presoei begira, haien osasun eta segurtasun baldintzak hobe daitezen eta hobera egin dezaten osasun krisialdiaren ondorioek bereziki ukitu dituzten legedi juridikoko eskubideek ere.

Zentzu honetan, bereziki garrantzitsua jotzen dugu 2020ko apirilaren 27ko Eusko Jaurlaritzaren proposamena, honako hau baieztatzen duena: Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, COVID-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, egitasmo orokor bat artikulatu behar da espetxeratu guztiak preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbilduak izan daitezen.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, honako hau adierazi nahi dugu:

1. 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari helarazten diogu Euskadiko Autonomia Erkidegoko gizartearen eta adierazpen honen sinatzaileen sostengu osoa, pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea erabakitzen badu, aldatzear dugun iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.

2. Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu berriro ere, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.

3. Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta COVID-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.

4. Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen.

Akordio hau Etxerat elkarteari helaraztea, konpromiso hau gizarteratzeko eta ezagutarazteko.

Amaitzeko, egoera hau jasaten ari diren pertsona presoen senitarteko eta adiskideei ezagutarazi nahiko genieke hartua dugun konpromisoa, aipatu helburua lortzen laguntzeko beharrezkoak diren urratsak ematekoa."

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide