Espazio berria du gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku-hartzeko zerbitzuak

Maialen Etxaniz 2021ko api. 16a, 14:24

Azkoitiko Udalak Azoka Plazako lehen solairuan dauden lokalak egokitu ditu zerbitzua ahalik eta ondoen eskaintzeko. 

Azkoitiko Udalak eremu berria egokitu du gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku-hartzeko zerbitzua eskaintzeko, hain zuzen, Azoka Plazako lehen solairuan dauden lokaletan. Udalak azaldu duenez, "herritarren arazo eta behar pertsonalei, familiarrei edota sozialei erantzuna ematea eta integrazio soziala sustatzea" dira gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku-hartzeko zerbitzuaren helburu nagusiak. Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen dute zerbitzua, "prestazio multzo bat tarteko".

Erakundeak zehaztu duenez, zerbitzua babesgabetasun arriskuan dauden adingabe eta familiei eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona helduei zuzenduta dago. Zerbitzua ahalik eta ondoen eskaintzeko, udalak Azoka Plazako lehen solairuan dauden lokalak egokitu ditu –lehen Odol Emaileen Elkarteak erabiltzen zituenak–. Hala ere, erakundeak azpimarratu du zerbitzua "etxebizitzetan, espazio irekietan, komunitate edo bestelako inguruneetan" ere eskainiko dela.

Espazio berria egokitzeaz gain, hainbat aldaketa eta "hobekuntza" egin zituzte zerbitzuan. Gizarte Zerbitzuen zuzendaritzapean, lau hezitzailek, psikologoak eta koordinatzaileak osatzen dute lantaldea. Guztira, 178.557,93 euroko aurrekontua du gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku-hartzeko zerbitzuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide