Azkoitiko PSE-EEk "kezka" azaldu du Azkoitia eremu gorrira igaro delako

Anartz Izagirre 2021ko api. 16a, 10:40
Janire Igoa, PSE-EEko zinegotzia. (PSE-EE)

Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSE-EEko "erantzukizuna" eskatu die herritarrei. Aste Santuak zaharren egoitzan "eragin zuzenak" izan dituela ere adierazi du Igoak.

Aste honetan COVID-19 kasuen probetan positibo emandako milako intzidentzia tasa igaro du Azkoitiak, eta Janire Igoa Azkoitiko PSE-EEko zinegotziak "kezka" adierazi du prentsa ohar baten bidez. Igoaren arabera "oso altua" da herriko intzidentzia tasa —1118,25ekoa da gaur-gaurkoz—, eta egoerak okerrera egin du Aste Santuaren eta Pazko Astearen ostean.

PSE-EEko kideak azaldu duenez, Azkoitia eremu gorrian sartzeak eraginak izan ditu herrian; besteak beste, tabernetako eta jatetxeetako ordutegietan, "horrek dakartzan eragin ekonomikoekin". Era berean, herria eremu gorrian sartzeak zaharren egoitzan "eragin zuzenak" ekarri dituela ere azaldu du azkoitiarrak, eta egoiliarrek ezin dutela kalera irten herriko egoera dela eta. Ildo horretatik, Igoak dio egoitzako zelaira atera daitezkeela egoiliarrak, baina hori ez dela "nahikoa" haientzat.

Azkoitiko egoeraren aurrean, "erantzukizuna" eskatu die Igoak azkoitiarrei, eta azaldu du ziur dagoela Azkoitiko herritar gehienak osasun neurriak betetzen ari direla, baina oraindik ere badela pandemia bete-betean dagoela ahazten zaionik eta osasun sistemaren egoera kritikoaz jabetu ez denik.

Laguntza eskura

Bestalde, Igoak koronabirusagatik konfinatuta dauden herritarrei adierazi die eskura dutela Azkoitiko Udalak, Gurutze Gorriak eta boluntarioek osatutako sarearen laguntza, elikagaiak eta sendagaiak erosteko. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetara (943-85 71 74) deitu dezakete herritarrek, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, baita Gurutze Gorrira edo Caritasera ere.

Horrez gain, azkoitiarrak nabarmendu du ez dagoela "formula magikorik" COVID-19ari aurre egiteko, eta norberak hartutako osasun eta segurtasun neurriek "irmoak" izan behar dutela. Ildo horretatik, "erantzukizuna bikoizteko" eskatu die herritarrei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide