Laja II.ak eta Lutxurdiok Aristerrazu Zuzenean ekimeneko erromeria eskainiko dute igandean

Andoni Elduaien 2021ko api. 15a, 09:41
Lutxurdio eta Laja II.a, erromeria batean.

19:00etan hasita eskainiko dute zuzeneko emanaldia Facebook sare sozialaren bitartez. Aristerrazuko erromeriak bertan behera geldituta daude, eta egitasmo horren ohiturari eusteko antolatzen dituzte ia igandero Aristerrazu Zuzenean izeneko emanaldiak.

COVID-19 gaitzak ekitaldi ia guztiak bertan behera utzi zituen iazko martxoan, baina badira orduz geroztik gailu digitalak eta Internet baliatuta, beste modu batera bada ere, gauzatzen ari diren agitasmoak. Horietako batzuk dira igande arratsaldeetan Aiako (Gipuzkoa) Andatza auzoan egiten diren Aristerrazuko erromeriak.

Aristerrazura joaterik ez denez, trikitilariak zuzenekoak eskaintzen hasi dira Aristerrazu Zuzenean egitasmoaren bidez. Datorren igandean, apirilak 18, Jose Luis Garmendia Laja II.a eta Eugenio Gisasola Lutxurdio tritikitilari azkoitiarrek emango dute zuzeneko erromeria. 19:00etan hasiko da erromeria, eta Aristerrazu Zuzenean izeneko Facebook kontuan arituko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide