TicketBAI sistemaren inguruko jardunaldiak prestatu dituzte datorren asterako

Maialen Etxaniz 2021ko api. 13a, 18:09

Apirilaren 20an, 21ean eta 22an eskainiko dituzte informazio saioak, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Bertan parte hartzen dutenek TicketBAI edo aurrerantzean TBAI bezala ezagutuko den tresnaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute. Sustatzaileek azaldu dutenez, TBAI indarrean jartzen dutenetik aurrera, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona guztiek fakturazio softwarea erabili beharko dute, eta horren erabileraren inguruan arituko dira antolatutako saioetan.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak nahiz Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkatari elkarteek sustatuta, TicketBAI eta ezarpen saihestezinak eskaintzen dizkigun aukerak izeneko informazio saioak eskainiko dituzte datorren astean. TicketBAI –aurrerantzean TBAI– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak batera abiatutako proiektua da, eta horren helburua da "betebehar legalak eta arlo teknikokoak ezartzea". 

Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, TBAI indarrean jartzen denetik aurrera –2022ko urtarrilaren 1ean jartzea aurreikusten dute–, "jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek argitaratzen diren beharkizun teknikoak betetzen dituen fakturazio softwarea erabili beharko dute".  Sustatzaileen arabera, "sistema berriak foru ogasunei ahalbideratuko diete zergadunen jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzea. Era berean, informazio hori zergadunei beren zergen gaineko betebeharrak betetzen laguntzeko erabiliko da". Finean, fakturen eta tiketen gaineko kontrolerako tresna izango da martxan jarriko dutena.  

"Gaiak duen garrantzia" ikusita antolatu dituzte informazio saioak, eta bereziki kaleko saltokiei zuzenduta daudela azaldu dute. Apirilaren 20an, 21ean eta 22an izango dira saioak, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, 14:30etik 16:30era. Hain zuzen, hilaren 20an Zestoan eskainiko dute saioa, Alonderoko aretoan. Hilaren 21ean Azkoitian, Elkargunean, eta hilaren 22an Azpeitian Soreasu antzokian. Saioetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, herri bakoitzeko merkatari elkarteekin harremanetan jarrita: Azkoitikoan izena emateko herrixen@hotmail.com helbidera idatzita, Azpeitikoan bertan.azpeitia@gmail.com helbidera idatzita edo hemen, eta Zestoakoan jjallur@siadeco.eus helbidera idatzita. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide