Akordatzen?

Paperak altxor

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 8a, 08:00

Azkoitiko Udal Artxiboa udaletxeko hirugarren solairuan dago, eskailerak igo eta eskuinera. Lehen kolpean, gela handi batera sartuko da herritarra. Berri itxura du gelak. Eskuinaldera, zenbakiz bereizitako kaxa pila bat apalategi mugikorretan txukun antolatuta. Erdia inguru beteta dago; gainontzekoa, hutsa. Ezkerraldera, ate bat, bulego baterako sarbidea. Han, Imanol Mujika, (Azpeitia, 1975) artxibozaina. Hamabi urte daramatza lan horretan.

Udal batentzat bere artxiboak zer garrantzi daukan galdetuta, ez du dudarik egin Mujikak: "Administrazio publikoan artxiboa oinarrizko zerbitzua da, erakundeek beren jarduna ondo justifikatuta eduki behar dutelako, eta hori dokumentuekin egiten delako". Hain zuzen ere, dokumentu horiek dira artxiboan jasotzen dituztenak.

Baina zer motatako dokumentuak izaten dira horiek? "Artxiboetan gordetzen dira dagokion erakundeak bere zereginetan sortzen eta jasotzen dituen dokumentuak; kasu honetan, batez ere, herritarren, enpresen, udalaren edo beste erakunde batzuen ekimenez egindako espedienteak". Espediente horiek eskaera batekin hasi ohi dira, eta ondoren, txosten, irizpen, ebazpen eta abarrekin osatu. Era askotakoak izan daitezkeela azaldu du Mujikak. "Hirigintza departamenduak, esaterako, obra publikoekin eta partikularrekin lotura duten espedienteak sor ditzake. Demagun herritar batek etxean obra bat egin nahi duela. Udalera proiektu batekin etorriko da eta eskaera bat egin beharko du lehenik. Ondoren, hirigintzako teknikari batek proiektu hori balioetsiko du eta haren gainean txosten bat egingo du. Herritarrari obra hori egiteko baimena emango dio ala ez, eta obra gauzatzen duen kasuan, fakturak eta obra amaierako dokumentu bat aurkeztu beharko ditu. Prozesu horretan sortu eta pilatu dituzten paper horiekin guztiekin espedientea osatuko dute, eta prozesua bukatutzat ematen dutenean, espedientea itxitzat joko dute. Orduan, artxibatzeko moduan geldituko da".

 

1319koa da udal artxiboan gordetzen duten dokumenturik zaharrena.

 

Imanol Mujika Azkoitiko Udal Artxiboko arduradun teknikaria.

Hirigintzako espediente ia guztiek artxiboan bukatzen dutela ziurtatu du Mujikak, eta hain zuzen ere, horiek direla gero gehien kontsultatzen direnak, nola udalaren barneko jardunean hala herritarrek edo gremioek eskatuta. "Kontsultarako arrazoiak askotarikoak izan daitezke: batek etxean obrak egin nahi dituela; besteak eraikitako metroen kopurua ziurtatzeko etxeko planoak ikusi nahi dituela...". Hirigintza departamenduarekin batera, idazkaritza eta kontu hartzailetza departamenduak dira artxibatzeko espediente gehien sortzen dituztenak.

Espediente horiek bost urtez departamenduetako bulegoetan gordetzen dituzte, eta epe hori pasatutakoan, Mujikari ematen dizkiote, artxiboan gordetzeko. Artxibozainaren lana izango da espediente bakoitzeko dokumentuak kronologikoki eta txukun sailkatzea, karpetatxoaren azalean barruan dagoenari buruzko deskribapena idaztea, karpeta bakoitzari zenbaki bat esleitzea eta dagokion kaxan sartzea, eta horretarako prestatutako sistema informatikoan zer eta non gorde duen garbi adierazita jartzea, behar duenean erraz topatu ahal izateko.

Dokumentu historiko bat, zigilu eta guzti.

Zaharrak eta berriak

Azkoitiko Udal Artxiboak bi zati ditu: bata, artxibo administratiboa edo garaikidea deritzona; bestea, artxibo historikoa. "Nolabait azaltzeko: artxiboan dagoen dokumentu batek 50 urte betetzen dituenean, historiko izaera irabazten du. Hortaz, orain garaikidea dena noiz edo noiz historiko izatera pasatuko da. Denbora hori igaro arte ez dago esaterik dokumentu bat historikoa dela, baina egia da historiko izateko kontuan hartzen diren irizpideak ezagututa, gutxi gorabehera aurreratu daitekeela dokumentu bat historiko izatera iritsiko den ala ez". Horrek ez du esan nahi egun artxibo garaikidean gordeta dagoen guzti-guztia egunen batean artxibo historikoaren parte izango denik. Zenbait dokumentuk, denborarekin, balioa galtzen dute, eta horiek, irizpide eta protokolo zorrotzak jarraituta, deuseztu egiten dituzte. "Gaur egun, gordetzeak adinako garrantzia du deusezteak", Mujikaren arabera. Horretarako irizpideak Eusko Jaurlaritzako Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeak zehazten ditu.

1319koa da Azkoitiko Udal Artxiboan gordetzen duten dokumenturik zaharrena, Azkoitiko herria fundatu aurrekoa. "Bertan, Azkoitiko kapareak absolbitzen ditu Baldako monasterioa erre eta bertako jauna eta semea hiltzeagatik". Hurrengo zaharrena, berriz, Azkoitiaren sorrerako Hiri Gutuna da, 1324koa. Artxiboan gordeta dituzten dokumentuen %80, baina, 1975etik honakoa dela dio Mujikak, "garai hartan hasi zelako dokumentazioa esponentzialki hazten".

Artxibo historikoak ere badu zati berezitu bat: XIX. mendera artekoa, Zabala fondoa deitzen zaiona. Antonio Maria Zabala azkoitiarra izan zen hura antolatu zuena, eta horregatik jarri zioten izen hori. "Aurretik ere norbaitek antolatuko zuen, baina Zabalak, 1773an, artxiboaren inbentarioa egin zuen: paper guztiak sailkatu zituen eta deskribapenak erantsi zizkien". Parte horrek orduko antolaketaren arabera ordenatuta jarraitzen du egun, eta dokumentu guztiak digitalizaztuta daude.

Gaur egun ere, urtero diru partidatxo bat jarrita, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak baliatuta, dokumentuak digitalizatzen ari dira. XIX. mendera arteko gehiena digitalizatuta dagoenez, Mujikak, batez ere, XX. mendearen hasierako dokumentuetan jarri du arreta. "Saiatzen ari naizena da nire ustez herriarentzat garrantzitsuak izan ziren gertaera haien inguruko dokumentuak digitalizatzen". Adibide gisa, San Martin auzoaren eraikuntzari buruzko dokumentuak aipatu ditu, baita Josu Arroitajauregi argazkilariaren bilduma ere.

1935eko errolda liburua.

Kontsulta ohikoenak

Azkoitiko Udalak artxibo "aberatsa eta ondo zaindutakoa" duela iritzi dio Mujikak, "azken hamarkadetan behintzat ez delako ezbeharrik izan". Han gordeta dagoen eduki ia guztia publikoa da; herritar guztien eskura dago beraz, beti ere norbanakoen datuen babeserako araudiak ezartzen dituen mugen barruan. "Horrek esan nahi du herritar batek ezin duela etorri bere bizilagunak etxea zenbat ordaindu duen jakitera, horrek legedia hautsiko lukeelako; baina hemen gordeta dauden dokumentu gehien-gehienak edonork kontsulta ditzake". Mujikak zehaztu du dokumentuak datuen babeserako legediaren eraginpetik kanpo gelditzen direla dokumentuak 75 urte betetzen dituenean edo datu horien jabea hil zela 25 urte betetzen direnean; "epe horiek betetakoan, libre eta publiko bihurtzen dira dokumentuak".

Udal artxiboan kontsultaren bat egin nahi duten herritarrek nahikoa dute eskaera orri bat betetzea zer behar duten azalduz. Hartara, herritarra artxibora iristerako lanak aurreratuta izango ditu Mujikak. Hori bai, dokumentu historikoen kasuan, lehenik www.artxibo. euskadi.eus webgunean kontsulta egitea gomendatu du, Azkoitiko artxiboan jasota dauden dokumentu asko eta asko atari horretan modu digitalean bilduta daudelako. Atari horretan bertan, XIX. mende bukaera arteko Elizaren dokumentuak ere eskura dituzte herritarrek. "Adibidez, bataioak, ezkontzak eta heriotzak Elizaren artxiboan egoten dira, eta zuhaitz genealogikoak osatu nahian dabiltzanentzat oso baliagarria da artxibo hori, lehen denak Elizatik pasatzen zirelako". 1900dik gaur arteko genealogia ikertzeko, berriz, eliz barrutietako artxiboetara edota epaitegietako erregistroetara jo behar dela zehaztu du.

1921-24 arteko udaleko akta liburua.

Hain zuzen ere, hirigintza arlokoekin batera, genealogiari lotutakoak baitira artxibozainari iristen zaizkion kontsultarik ohikoenak. Jende askok jotzen du kontsulta genealogikoak egitera: "Bi motatako jendea etorri ohi da kontsulta genealogikoekin: kanpoan bizi eta Azkoitiarekin nolabaiteko harremana dutenak edo zahartzen ari direnak; beren aurrekoen arrastoa ateratzeko behar hori sentitzen dutenak guztiak ere". Eta gauza bitxiak gertatu izan zaizkiola esan du.

"Orain dela urte batzuk, Argentinako emakume bat nirekin harremanetan jarri zen bere arbasoei buruzko informazioa eskatzeko, eta pare bat urtean hainbat kontsulta egin zizkidan. Aita finlandiarra zuen, eta ama, Amutxastegi abizenduna, Azkoititik joandako baten ondorengoa. Halako batean, hemen azaldu zitzaidan bere zuhaitz genealogikoari buruzko liburu bat eskuetan zuela. Harrituta gelditu nintzen". Gogoan du Canadan bizi zen arkitekto italiar bat ere. "Hura Izeta abizenari tiraka iritsi zen informazio eske, eta hark ere liburu batean argitaratu zuen bildutako informazioa". Bulegoan ditu bi liburuak. Hegoamerikatik eta, batez ere, Argentinatik eta Uruguaitik era horretako kontsulta ugari egiten dizkiotela esan du, eta kanpotarrak ez ezik, bertakoak ere dezente joaten zaizkiola arbasoen informazio bila.

Horiez gain, ikasleen eskariak ere jasotzen ditu; gradu edo master amaierako lanetarako informazio bila jo ohi dutenenak, esaterako. "Adibidez: batek, abarketagileen inguruan egin zuen lan bat; beste batek, San Martingo etxe merkeen inguruan.... Azkoitiko Udal Artxibotik ateratako dokumentazioarekin lan oso interesgarriak egin dituzte zenbaitzuk, eta lan horiek ere gordeta ditugu".

San Martingo etxebizitzen planoa, 'blueprint' teknikarekin egina.

 

"Maitasuna berezia" die Mujikak San Martingo etxe merkeei buruzko dokumentuei.

 

Dokumentu kuttunak

Udal artxiboan dokumentu bitxi eta interesgarri ugari dago, baina beretzat kuttunenak zein diren galdetuta, Mujikak zuzenean jo du San Martin auzoaren eraikuntzari buruzko paperak jasota dauden kaxetako batera. Ez omen du kaxa guztien edukia zehatz-mehatz ezagutzen, "baina hauek badakit non dauden, hauei maitasun berezia diet", aitortu du. Kaxatik paperak atera eta honela dio aurrenekoaren izenburuak: Poyectos tecnicos de infraestructura edificio casa baratas. Euskaraz, etxe merkeen eraikinaren azpiegituren proiektu teknikoa. Artxiboko dokumentuak irakurrita ikasi du haiei buruz dakiena, eta ez da gutxi. Lehen datua: aurki beteko dituzte 100 urte, 1925ean ekin baitzioten proiektuari. Hiruzpalau urte behar izan zituzten 99 etxebizitza eraikitzeko; San Martin auzoa itxuratzeko. 1960an, beste etxebizitza bat eraiki zuten, eta egun, ehun etxebizitza ditu auzoak.

Etxebizitza horiek horren berezi zergatik diren galdetuta, orduko testuingurua azaldu du Mujikak. "Industrializazio garaia zen eta jende asko joan zen hiriguneetara bizitzera. Lan eta bizi baldintzak oso gogorrak eta txarrak ziren". Urte batzuk lehenago Azkoitian bertan izandako lan gatazkak ekarri ditu gogora. "1917tik 1923ra bitartean sekulako grebak egin zituzten abarketa sektoreko langileek". San Martingo etxebizitzak bake soziala bermatzeko xedearekin ere eraiki zituztela adierazi du. "Etxe merkeen eredua Europako beste herrialde batzuetatik iritsi zen hona, eta helburua zen nolabait ere horren lan baldintza gogorretan eta bizi baldintza txarretan bizi ziren langile haiei bizileku egonkor eta duina eskaintzea".

San Martingo etxeak eraikitzeko adreiluen makinaren argazkia.

Azkoitiko kasua nahiko berezia izan zela esan du, udala izan zelako etxebizitzak eraikitzea sustatu zuena; udalaren aldetik "proiektu eredugarria" izan zela dio. "Udala izan zen sustatzailea, baina gero herritarrak izan ziren zozketa bidez esleitutako etxe haiek eraiki zituztenak. Etxebizitza bakoitzak 10.000 pezeta inguru balio zituen, eta erosi nahi zutenek 1.500 pezetako sarrera ordaindu behar zuten. Ordaintzeko bi aukera zituzten: bata zen eskudirutan pagatzea, ezinezkoa gehienentzat; eta bestea zen etxebizitzak egiten 2.000 lanordu sartzea. Gehienek bigarren aukera hobetsi zuten eta beren bizilekua izango zena eraiki zuten. Alde horretatik ere badute zera berezi hori". Horrela eraiki zuten San Martin auzoa.

Arkitektonikoki ere oso proiektu interesgarria izan zela dio Mujikak. Tomas Bilbao arkitekto bilbotarrak diseinatu zuen. "Gizon kuriosoa zen. ANV Accion Nacionalista Vasca alderdiaren sortzaileetakoa, errepublikako azken urteetan ministro izan zen, sailik gabeko ministroa; eta gero, Mexikora erbesteratu behar izan zuen". Hark diseinatu zuen Azkoitiko Berdura Plaza ere, San Martingo etxebizitzen garaian. Azkoitikoez gain, beste eraikin asko diseinatu zituen Bizkaiko gune industrializatuenetan zein Bilboko erdigunean. Dena dela, "berak aitortu omen zuen San Martingo etxebizitzak bere lanik maiteenetakoa zirela".

Bi kaxatan gordeta daude San Martingo etxebizitza merkeei buruzko dokumentuak: blueprint teknikaz eskuz egindako planoak, udalari proiektuaren xehetasunak azalduz bidalitako gutunak, adreiluak egiteko erabilitako makinaren argazkiak...

Imanol Mujika bere bulegoan.

Erronkak

Paperaren erabilera murrizten eta euskarri elektronikoena zabaltzen ari den garaiotan, bada saihestu ezinezko galdera bat: zer etorkizun dute artxiboek? Oraindik ere gehiena paperean egiten den arren, joera aldaketa gertatzen ari dela dio Mujikak, eta erakunde publikoentzat zein artxibozainentzat hori izango dela datozen urteetako erronka. Beste erronkatzat, artxiboaren zabalkundea aipatu du, "dokumentuak gordetzea bezain garrantzitsua baita ondare hori herriratzea". Horretarako, argitalpenak kaleratzea edo erakusketak egitea bide egokiak izan daitezkeela uste du Mujikak, "eta saiatzen gara, baina ditugun baliabideak ere mugatuak dira". Duela urte eta erdi Arroitajauregi argazkilariaren bildumako hainbat argazkirekin egin zuten erakusketa jarri du adibidetzat. "Haren bilduma digitalizatzen ari ginenean ikusi genuen aukera zegoela herritarrentzat interesgarria izan zitekeen erakusketa muntatzeko". Halaxe egin zuten, eta sekulako arrakasta izan zuen gainera. Gustatuko litzaioke horrelako gehiago egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide