Erretratua

Felix Azurmendi: "Parrokia kristau elkarte bat da, eta hori bizirik egon behar da"

Felix Azurmendiren marrazkia. (Marrazkia: Gorka LarraƱaga)

Urola bailaran hasi zuen apaiz ibilbidea eta Urola bailaran ari da betetzen azken urteak ere. Tartean, berezko joera beste bat izan arren, ardura asko eta pisuzkoak izan ditu Gipuzkoako Elizbarrutian. Elizaren aldaketaren aldeko ildokoa, erakundean zein gizartean ikusten jarraitzen du aldaketaren beharra.

"Ni apaiz egiten naiz Elizaren eraberrikuntzaren zerbitzurako". Erantzun hori eman zuen Felix Azurmendik (Urretxu, 1950) apaiz egiteko prestatzen ari zela apaiztegian bere arrazoiengatik galdetu ziotenean. Helburu horrekin apaiztu zen 1976an. 45 urte joan dira harrezkero, eta Elizan orain ere zer aldatua badela uste du 2012tik Azkoitiko parroko denak, baina baita urte horietan aldaketak gauzatu direla ere: "Kanpotik begiratzen bada, iruditu leike dena berdin dagoela, baina ez horixe, gauza asko aldatu dira. Eta gainera, nahi izan da aldaketa hori". 75 urterekin jubilatzen dira apaizak eta 70 ditu berak. "Teorian", bost urte gelditzen zaizkio erretiroa hartzeko, baina ezin du ziurtatu bere apaiz ibilbidea Azkoitian bukatuko al duen. "Lehen ere, ez naiz inoiz joan nik nahi izan ditudan tokietara", dio.

Felix Azurmendi etxeko balkoian.

9 urte zituela, Urretxu utzi eta Donostiara joan zen Azurmendi familiarekin, "aitaren lanagatik". Handik urte gutxira sartu zen Gipuzkoako hiriburuko seminarioan. Han bizi zela osatu zituen Batxilergoa eta unibertsitate aurreko ikasketak Peñaflorida institutuan. Ikasketa horiek bukatuta iritsi zitzaion erabakia hartzeko unea. "Historia egin ala ez zalantzan egon nintzen; gustatzen zitzaidan historia, filosofia ere bai. Gure ikasturtean ikasle asko ginen, eta gehienek utzi egin zuten apaiztegia unibertsitate aurreko ikasketak bukatu eta gero. 50en bat izango ginen, eta oso gutxi gelditu ginen, lau edo bost. Nik pentsatu nuen: beno, historiagileak egongo dira Gipuzkoan, Euskal Herrian, baina apaizak gutxi, eta gutxiago egongo dira. Bide hori hartzea erabaki nuen eta seminarioan gelditu nintzen. Baina pentsatu eta gero, ez arinkeriaz". Horrela, Historia ez, baina Teologia ikasi zuen, apaiztegian bertan.

2019ko Erramu Eguneko ospakizunean, herriko plazan.

Kontenplaziorik gabe

Urola bailaran ari da betetzen bere apaiz ibilbidearen azken urteak eta Urola bailaran egin zituen ibilbide horren lehen urratsak ere. 25 urterekin apaiztu zen Azurmendi eta handik gutxira iritsi zen Urrestillara, Jose Ramon Treviñorekin batera: "Nik Matxinbenta eta Beizama nituen ardura; Nuarben ere aritu nintzen, une batean. Jose Ramon Treviñok, berriz, Aratzerreka, eta Urrestilla, koadjutore, don Angelekin [Amenabar]".

Pasaiako Trintxerpe izan zuen hurrengo geltokia. Ondoren, Jose Maria Setienen eskutik aurrena eta Juan Maria Uriarterekin gero, parrokia giroetatik haratago zeuden ardurak kateatzen joan zen Azurmendi Donostiako Elizbarrutian. Setienekin, eta Setienek eskatuta, Gazte Pastoraltzaren buru izan zen lehendabizi hainbat urtez, 1980ko hamarkadan; 1987tik 1994ra, berriz, Gizakia Helburu proiektuaren ardura hartu zuen; eta Caritasen bete zituen beste bizpahiru urte. 2000. urtean, Uriartek hartu zuen Setienen lekukoa Donostiako Gotzaindegian, eta haren urteetan, 2009ra arte, Elizbarrutiaren Bikario Nagusi izan zen Azurmendi.

Azurmendiren ibilbidearen kontakizuna bere ahotik entzunda, ondoriozta daiteke gogoz kontra ez agian, baina bai ezustean, espero ez zituela, iritsi zitzaizkiola eta onartu zituela aipatutako ardura gehientsuenak. "Beti eduki izan dut nire bizitzan kontenplaziorako joera", dio, izan ere, eta kontenplaziorako aukeratik urrun gelditzen ziren Elizaren gizarte jarduerarekin estu lotutako ardura horiek. Berezko joeraren eta egokitutako arduren arteko zubia Olivako monastegian (Zarrakaztelu, Nafarroa) aurkitu izan du Azurmendik; zistertarren ordenako monastegia da, kontenplaziozko bizitza egiten dute hango klausurako fraideek. Gazte Pastoraltza utzi ondoren egin zuen han lehen egonaldi luzea, eta Gizakia Helburuko etapa amaitutakoan beste bat. "Hura zen arnasa berritzeko nire tokia. Urte neketsuak izan ziren, higadura handikoak", azaldu du.

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain izendatu zutenean, Azurmendi, bikariotzan kide izan zuen Patxi Aizpitarterekin batera, Erromara joan zen. Han bi urtez ikasketei emanda ibili ondoren itzuli zen elizbarrutira, eta orduan eman zioten Azkoitiko Parrokiaren ardura.

"Krisiaren semea"

Berak "kristau elkarte bizi" deritzonak dira, Azurmendiren aburuz, tokian-tokian Elizari eusten diotenak, eta alde horretatik osasuntsu ikusten du Azkoitiko Parrokia. "Ni Azkoitian ondo sentitu naiz, ondo hartua, eta ondo txertatu naiz, ez dut aparteko zailtasunik sumatu. Baina, hori bai, gehiago inporta zaizkit moduak, jendea egotea. Parrokia ez naiz ni, Parrokia talde bat da, kristau elkarte bat, eta elkarte hori bizirik egon behar da. Bestela, zer egiten dut nik hemen? Orain ere bizirik dago kristau elkartea Azkoitian. Batzutan, kanpotik ez da ezagutzen barruan dagoen bizitza". Laikoak eta sekularrak dira kristau elkarte horren muina eta horien lana eta konpromisoa goraipatu ditu parrokoak; bere lana horri "hauspoa" ematea dela dio. Kristau elkartea osatzen duen "erdiko gune" hori, talde hori, "oso finkoa" dela dio parrokoak, "eta hor bai dagoela jarrera eta erabaki pertsonal bat", beren burua kristau elkartearen parte sentitzen duten baina Elizarekiko harremana tradizioetara eta une jakinetara mugatzen dutenekin nolabaiteko alderaketa eginez. "Azkoitian, tradizioak oraindik pisu gehiago du beste herri batzuetan baino", uste du. Tradizioei eustearen kontrakoa ez da, baina "tradizioak eguneratu" egin behar direla uste du Azurmendik.

Elizaren krisia, edo Elizak erakunde gisa gizartean galdutako pisuaren krisia, aspalditik datorrela nabarmendu du: "Ni krisiaren semea naiz, e? Gure garaian dagoeneko hasita zegoen krisi hau. Aldaketaren gandor horretan bizi izan gara beti; ohituta gaude erabat, ni behintzat bai, aldaketaren zurrunbilo horretan bizitzen". Aldaketaren eta eraberritzearen aldekoak, bere belaunaldiko apaizak Elizarekin "oso kritikoak" izan direla dio. Vatikanoko Kontzilioaren ildoko eta "aldaketaren aldeko" gotzainen ondotik –Setien eta Uriarte–, Munillaren aroan bizi da Gipuzkoako Elizbarrutia, "olatu neokontserbadore" baten pean, eta aldaketa hori "ondo ez" daramala aitortu du beste behin Azkoitiko parrokoak. Elizan ez ezik, gizartean ere aldaketa sakonen beharra ikusten du, eta "espiritu kritikoa" aldarrikatzen du, bai Elizan, bai gizartean.

Motzean

Jaiotze data: 1950eko uztailaren 16a, Karmengo Amaren eguna. Felix Carmelo naiz ni.

Ikasketak: Teologia eta Espiritualtasun lizentziatura.

Lanbidea: Apaiza.

Apaiza ez banintz... Gaztetan, historiagile erantzungo nuke, ikerketari lotuta. Urteak aurrera joan ahala, berriz, baserritar. Asko gustatzen zaizkit animaliak eta.

Lanak tartea uzten didanean... Bakardade zalea naiz, neuretzat denbora hartu ahal dudanean otoitzerako, gogoetarako eta irakurtzeko erabiltzea gustatzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide