Gogoz, lanerako prest

Nerea Uranga 2021ko api. 30a, 16:38
Mendi bazkunako batzordeko kide berriak.

Anaitasuna Mendi Bazkunak segida bermatuta du. Laukote batek hartu du Azkoitiko elkartearen gidaritza. Esku artean proiektu bat dutela ekin diote bideari: mendiarekin lotutako kirol desberdinetako herriko ordezkariekin askotariko ekintzak elkarlanean antolatzea dute xede. Hasi dira bidea egiten.

Arre ala so. Aurrera egin edota ibilbidea eten, zalantza horretan egon da Anaitasuna Mendi Bazkunaren etorkizuna azken urtebete inguruan. Herriko mendizale taldearen zuzendaritza batzordeak hamar urte beteta zituen ardurak hartu zituenetik; kideak nekatuta zeuden, eta haien lekukoa hartuko zuen talderik ez zuten aurkitzen. Erabakia hartzeko, joan den otsailaren 24rako ezohiko batzarrera deitu zituzten mendizale elkarteko bazkideak. Beren hautua eginda zuten, zuzendaritza batzordea hartzeko erreleborik ez bazegoen utzi egingo zuten gidaritza.

Arre egin dute, ordea. Herrian mendizaletasuna sustatzeko helburuz jardungo duen gazte talde bat elkartu eta Anaitasuna Mendi Bazkunaren zuzendaritza batzordea hartu du. Laukotea da. Ander Puertas (Azkoitia, 1990), Alaitz Oruesagasti (Azkoitia, 1989), Leire Garate (Azkoitia, 1989) eta Igotz Epelde (Azkoitia, 1989) dira batzordeko kide berriak. Otsaileko ezohiko batzarrera beste aukerarik ez zela aurkeztu azaldu du Oruesagastik: "Anaitasuna MBren zuzendaritza batzordea guk hartu ala taldea desagertu, beste aukerarik ez zaigu gelditu. Otsaileko batzarrera ia bazkiderik ez zen agertu, gutxi batzuk bakarrik. Bestelako proiekturik ere ez zen aurkeztu bileran. Beraz, ardura guk hartzea erabaki genuen. Lehenago, Zazpi Kurutze mendi martxa antolatzen-eta ibilita geundelako, harremana genuen aurreko Anaitasuna MBko zuzendaritzako kideekin, eta haiek proposatu ziguten lekukoa hartzea. 500 bazkidetik gora dituen mendizale elkartea da Anaitasuna, eta taldea aurrera eramateko proiekturik ez dagoelako bertan behera uztea pena litzateke". Garateren ustez, behin batzordea osatu ez delako, elkartea hutsean gelditu eta, ondoren "zerotik abiatzea" zailagoa izango zatekeen: "Martxa hartuta eta urteetako ibilbidea duen talde bat bere horretan uztea, ezerezean... Mendizale taldeaz orain inor ez arduratu eta ondoren dena zerotik hastea askoz zailagoa izango litzateke. Herriko mendizale taldea desagertzeak denori ematen zigun pena. Gainera, Zazpi Kurutze mendi martxak azken urteetan indarra hartu du, eta hori antolatzeko erreleboa ere emanda dago". Dena den, ez dute gogoz kontra hartu taldearen gidaritza, hala nabarmendu dute: "Mendia maite dugu, baita mendian ibiltzea ere, eta gogoarekin hartu dugu Anaitasunaren batzordea. Gauzak egiteko gogo handiarekin gaude".

 

Mendiarekin lotutako kirol desberdinetako ekintzak antolatu nahi dituzte.

 

Leire Garate, Alaitz Oruesagasti, Ander Puertas eta Igotz Epelde, Anaitasuna Mendi Bazkunako batzordeko kideak.

Asmoak esku artean

Azkoitian mendizaletasuna sustatzea du helburu Anaitasuna Mendi Bazkunak, eta hori hala izateko ekintzak antolatzea ere bai. Horretarako prest daudela esan du Puertasek. "Ni herrian mendi lasterketaren bat antolatzeko gogoarekin nago, eta dagoeneko inguruko jendearekin-eta hitz egiten hasita ere bai; mugimendua sortzen hasita gaude", erantsi du.

Zuzenean edota zeharka hainbat taldetan edota ekintzatan parte hartu du Anaitasuna MBk azken urteotan. Esaterako, Kakuteko eguna (maiatzeko lehen igandean) eta Zazpi Kurutze mendi martxa (bi urtetik behin, urte bikoitietan) bere-bereak ditu, hitzordu finkoak. Dena den, mendi martxa antolatzen, batzordeaz gainera, beste hainbat lagun talde ere ibili ohi da. Urtero, azaroan, Mendi Astea ere egin ohi dute. Mangaixue mendi bizikleta lasterketa herrikoiak ere mendi bazkunaren parte hartzea du. Umeentzako mendi irteerak mendizale taldekoek antolatzen zituzten garai batean, baina azken urteetan horren ardura herriko eskoletako guraso elkarteena da.

Laurek, era batera edo bestera, etxetik jaso dute mendian ibiltzeko zaletasuna. Oinez, antxintxika, bizikletan, eskiekin... mendiari lotutako diziplina desberdinetan dute eskarmentua, eta asmoa dute mendizaletasunarekin uztartutako askotariko ekintzak antolatzeko, "pandemiak eragindako egoerak ahalbidetzen duen bezain pronto". Hori hala izateko, batzordera diziplina bakoitzarekin lotutako taldeak edota jendea batzea nahi dute. Harremanak egiten ere hasi dira zuzendaritzako kideak.

Mendiarekin harremana duten kirol desberdinetan ibiltzen direnekin bildu eta haietako ordezkari banarekin taldea osatzea da esku artean duten egitasmoaren oinarria. "Mendiaren bueltan kirol desberdin ugari egiten dira: oinez ibili, bizikletan, antxintxika, eskiekin, eskaladan... Azkoitian kirol horiek egiteko zaletasun handia dago, eta gero eta jende gehiago dabil mendian. Gu laurok elkartu gara orain batzordea osatzeko, baina talde zabalago bat osatu nahi dugu gauza desberdinak antolatzen hasteko", azaldu du Oruesagastik. Garatek gaineratu duenez, taldean modu horretan antolatuta, "bakoitzak gustukoa duen edota motibatzen duen kirolari lotutako ekintzak antolatzeko eta proposatzeko" aukera izango luke.

 

Anaitasuna MB-ko batzordeak ateak zabalik ditu proposamenak jasotzeko.

 

Garai batean asteburuetan-eta antolatzen zituzten helduentzako mendi irteerak ere ekarri ditu gogora Oruesagastik: "Gaur egun, 60-70 urteren bueltan dituztenek Anaitasunarekin Pirinioetara, Errioxara... egiten zituzten mendi irteeren oroitzapen onak dituzte, giro ederrean ibiltzen zirelako. Hori guztia pixka bat galdu egin da azken urteetan, eta ederra izango litzateke era horretako irteerak berreskuratzea ere".

Proposamenak jasotzeko nahiz ekintzak antolatzeko prest daudenekin elkarlanean jarduteko prest daudela diote argi. "Mendizale elkarteko ateak zabalik ditugu nahi duten guztientzako. Gu gauzak egiteko gogoarekin gaude, baina baita proposamenak jasotzeko ere. Mendiarekin harremana daukan edozer baldin bada aurrera!". Anaitasunakoekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko bat ere jarri dute: anaitasunamb@gmail.com.

Ardurak hartu berri, elkarteko kudeaketa lanetan murgilduta daude batzordekideak. "Pandemiak eragindako egoeragatik jende asko dabil mendian, eta mendian federatzeko zer eta nola egin behar den galdezka asko etorri zaizkigu. Beraz, eskaera horiek bideratzen ari gara", azaldu dute. Aurrera begira, berriz, ekintzen antolaketan murgilduta egotea gustatuko litzaieke. Maiatzeko lehen igandean Kakuteko eguna ospatzeko aukera eskainiko balu egoerak, aurreko batzordekoen laguntza izango dute hori prestatzeko. Datorren urtean, berriz, Zazpi Kurutze mendi martxa egitea egokitzen da. "2022a ea urte emankorra izaten den". Hori da Anaitasuna MBren batzorde berriaren desioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide