Imanol Arizmendik Nafarroako master mailako txirrindulari txapelketa irabazi du

Andoni Elduaien 2021ko api. 12a, 09:00
Imanol Arizmendi, podiumeko lehen koskan. (Argazkia: utzitakoa)

Zarrakaztelun (Nafarroa) jokatu zen txirrindulari proba irabazi zuen Arizmendik. Etapa irabazteko, 18 kilometro egin zituen bakarrik azkoitiarrak.

Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak Eduardo Escobarren omenezko Nafarroako master mailako txirrindulari txapelketa irabazi zuen atzo, igandea, Zarrakaztelun. 80 kilometro pasatxoko lasterketa jokatu zuten adin desberdinetako master mailako txirrindulariek, eta azkoitiarra izan zen guztietan azkarrena.

Eguraldi euritsua eta hotza izan zuten bidelagun txirrindulariek, baina Arizmendik Kasedako gaina egin bezain pronto jo zuen erasoa. Proba amaitzeko 18 kilometroren faltan eta aldapa behera egin zuen aurrera azkoitiarrak, eta errepidea bustita zegoela baliatuta 15-20 segundoko errenta lortu zuen. Abantailari eusteko borrokan aritu zen atzetik abiatu zen hamar txirrindularik osatutako tropletxoaren aurka.

Bi ordu, bost minutu eta hogei segundo behar izan zituen Arizmendik lasterketa amaitzeko, eta bera harrapatu nahian tropeletik atera zen hamar laguneko taldea 32 segundora sartu zen helmugan. Txirrindulari azkoitiarrak denbora tarte txikian lortu duen bigarren garaipena da atzokoa; izan ere, Kantabriako Itzuliko lehen etapa ere irabazi egin zuen Arizmendik, nahiz eta itzulia bera irabaztetik segundo eskasera gelditu zen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide