Falta direnak oroitu dituzte Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek

Ihintza Elustondo 2021ko api. 11a, 15:21

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Diego Garcia, Ione Basterra eta Alejandro Gomez omendu dituzte. Lehenik, argazkia atera dute Diego Garciaren estatuan, eta ondoren, ekitaldia izan da Azpeitiko Loiola hotelean. 

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek eta boluntarioek lasterketari izena eta izana eman dizkioten kirolariak ekarri dituzte gogora gaur: hain zuzen ere, Diego Garcia, Ione Basterra eta Alejandro Gomez oroitu dituzte. Haien omenez, argazkia atera dute Diego Garciaren Loiolako estatuan, eta euria tarteko, Azpeitiko Loiola hotelean egin dute jarraian ekitaldia. Bertan izan dira Garciaren senideak, Basterraren gurasoak nahiz Gomezen emaztea. Horrez gain, Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia eta Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzia ere bertaratu dira omenduen senitartekoei babesa adieraztera.

Diego Garciaren familiak izan du aurtengo 1. zenbakidun dortsala jasotzeko ohorea. Zendu berri diren Gomez eta Basterra ere omendu dituzte; atleta ospetsua izan zen lehena, eta hanbike probako emakumezkoen kategoriako azken irabazlea bigarrena. Gaurko omenaldian, Basterraren amak oroigarria eta lore sorta jaso ditu, eta Gomezen emazteari loreak eta txapela eman dizkiote. Oso hunkigarria izan da ekitaldia.

Diego Garciaren ama Josefa ere gogoratu dute ekitaldian. Amaitzeko, Luis Alberdi Beltzak eta Amaia Gonzalezek agurra dantzatu dute, eta txalo zaparrada batekin amaitu da omenaldia. Beste behin, lasterketa huts bat izateaz harago, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia balioek eta pertsonek osatzen dutela aldarrikatu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide