969 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 11a, 13:57

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa jaitsi egin da apur bat, baina nabarmen igo da Nafarroakoa. Osakidetzako Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden gaixo kopuruak igotzen jarraitzen du: 121 daude bertan azken datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak emandako datuen arabera, 969 positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian, herenegun baino 173 gutxiago. Dena den, atzo eginiko probak ere gutxiago izan ziren (11.291), beraz, apur bat baino ez du behera egin positibotasun tasak. %8,58koa da gaur, eta %8,86koa zen atzo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 761 positibo atzeman zituzten atzo: 98 Araban, 368 Bizkaian eta 288 Gipuzkoan. Horrez gain, beste zazpi kasu baieztatu zituzten beste erkidego batzuetan. Hiru lurralde horietako positibotasun tasa %8,1ekoa da; herenegun, %8,9koa zen. Osakidetzako erietxeen egorari dagokionez, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren ondorioz, eta guztira, COVID-19a duten 121 pertsona daude Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Azken egunotan asko igo da azken datu hori, duela astebete 100dik beherakoa baitzen ZIUn zegoen pertsona kopurua.

Nafarroan, bestalde, 208 positibo atzeman zituzten atzo, bezperan baino hamalau gutxiago. 1.849 proba egin zituzten guztira, eta ia hiru puntu egin du gora lurralde horretan positibotasun tasak: %11,2koa da gaurko datuen arabera, eta %8,5ekoa zen atzo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide