Prest dute Udaberriko Bebarruko Jardunen egitaraua

Ihintza Elustondo 2021ko api. 11a, 09:00
Besteak beste, Soma Cult taldearen kontzertua izango da.

Matadero Ekintzak taldeak hainbat ekintza antolatu du apirilerako, "egungo garaietara moldatuta". Hainbat kontzertu eta tailer bat izango dira, eta parte hartu nahi dutenek aurrez hartu behar dituzte sarrerak.

Izurritea tarteko, iaz ezin izan zituzten Udaberriko Bebarruko Jardunek egin, baina aurtengoan izango da egitasmo horretaz gozatzeko aukera. Matadero Ekintzak taldeak jakinarazi duenez, "beste urteetan bezala" egin nahi zituzten Bebarruko Jardunek, baina azkenean, "egungo garaietara moldatu" behar izan dituzte. "Aulki, jesarleku eta besarleku guztiak sutuko genituzke dantza gogor egiteko. Oraindik ezin da. Eutsi goiari! Bitartean, zuen ipurdiekin gure aulkiak sutzeko parada luzatzen dizuegu udaberri honetako Bebarruko Jardunekin", adierazi dute.

Apirilaren 17tik 25era bitartean egingo dituzte Bebarruko Jardunek. Lehen egunean, hilaren 17an, Joseba B. Lenoir Gangen kontzertua izango da, 12:30ean hasita. Apirilaren 18an, Soma Cult igoko da oholtzara, ordu berean. Apirilaren 24an, berriz, igurzten diren sokazko instrumentuen teknika berrien hastapen tailerra izango da; gehienez, hamar lagunek parte hartu ahal izango dute, eta 10:30ean hasiko da tailerra. Egun berean, 17:30ean, kontzertua izango da. Azken egunean, apirilaren 25ean, Muskuloren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, 12:30ean.

Matadeixen izango dira ekintza guztiak, eta interesatuek aurrez hartu beharko dituzte sarrerak, mataderoekintzak@gmail.com helbidera idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide