Euskal Herriko itzulia igaro da Azkoititik

Ihintza Elustondo 2021ko api. 10a, 18:06

15:15 aldera iritsi dira txirrindulariak Azurkiko portura, eta handik Madariagara joan dira. Jende ugari bertaratu da Itzulia ikustera, eta giro ederra sortu da Aittola inguruan.

Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza proba Azkoititik igaro da gaur, larunbata. Azken etapa jokatu dute txirrindulariek, eta Ondarroan (Bizkaia) hasi eta Eibarko Arraten (Gipuzkoa) bukatu dute ibilbidea. 15:15 aldera iritsi dira txirrindulariak Azurkiko portura, eta handik Madariagara joan dira. Jende ugari bertaratu da Itzulia ikustera, eta giro ederra sortu da Aittola inguruan. Bertan izan dira, besteak beste, Jon Agirre arroarraren lagunak hura animatzen.

Azurkiko portua igo ostean, Azkaraten behera jaitsi eta Elosuarako bidea hartu dute txirrindulariek. Handik Bergarara (Gipuzkoa) joan dira, eta 17:50 aldera helmugaratu dira aurreneko txirrindulariak Arraten. David Gaudu nagusitu da gaurko etapan, bigarren Primoz Roglic sailkatu da, eta hirugarren Alejandro Valverde. Etapa oso gogorra izan da gaurkoa, txirrindulariek zazpi mendate igo baitituzte 112 kilometroko ibilbidean.

Seigarren etapa izanik, gaur argitu da zeinek irabazi duen Euskal Herriko Itzuliaren 60. aldia: Primoz Roglic izan da irabazlea, hain zuzen ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide