Irteera sinbolikoa, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren egunean

Ihintza Elustondo 2021ko api. 10a, 09:57

Osasun egoera bestelakoa balitz, gaur jokatuko zen Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Ohiko probarik ezean, Xeye atletismo taldeko kideek irteera sinbolikoa egin dute lasterketaren abiapuntuan.

Izurriterik ez balitz eta egungo egoera bestelako balitz, gaur jokatuko zen Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Dena dela, osasun egoera tarteko, ez da ohiko moduan egingo proba: hala nahi dutenek, birtualki parte hartu ahal izango dute lasterketan. Hala eta guztiz ere, gaurko egunez irteera sinbolikoa egin nahi izan dute Xeye atletismo taldeko kideek.

Hain zuzen ere, maratoi erdia abiatu ohi den lekuan elkartu dira Azkoitiko eta Azpeitiko atletismo taldeko kideak nahiz Diego Garcia zenaren arreba eta biloba, 09:30ean. Argazkia atera dute segidan, Diego, Ione, Alejandro zioen kartelarekin –Ione Basterra eta Alejandro Gomez omenduko ditu aurtengo edizioak–, eta ondoren, lasterka hasi dira korrikalariak. Maratoi erdiaren ibilbidea osatuko dute atletek; batzuek zortzi kilometroko ibilbidea egingo dute, eta beste batzuek 21 kilometrokoa.

Beraz, ohiko maratoi erdirik izango ez bada ere, gaurkoan ez dira korrika egin gabe geldituko herriko kirolariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide