Ur musika taldeak kontzertua emango du Baztartxon, apirilaren 17an

Ihintza Elustondo 2021ko api. 9a, 15:22

Baleak diskoa aurkeztuko du jaioberria den musika taldeak, 19:00etan hasita. Dagoeneko jarri dituzte emanaldirako sarrerak salgai, www.entradium.com atarian.

Jaioberria den Ur musika taldeak kontzertua emango du apirilaren 17an, larunbata, 19:00etan, Baztartxo antzokian. Dagoeneko jarri dituzte emanaldirako sarrerak salgai, www.entradium.com atarian.

Pandemia garaian sortu zen Ur musika taldea, eta Baleak izeneko lehen diskoa aurkeztuko dute Azkoitian. Hiru lagunek osatzen dute taldea: Urtzi Azkue da abeslaria, Andre Canto e Mello baxu jotzailea eta David Gorospe bateria jotzailea. Azkue Leioan (Bizkaia) jaioa da, baina urteak daramatza Azkoitian bizitzen. Gorospe Zarauzkoa da, eta Canto e Mello, berriz, brasildarra, Rio de Janeirokoa.

Bederatzi abestiz osatuta dago diskoa. Taldeak funky estiloari heldu dio, nahiz eta askotariko doinuak jorratu dituzten euskaraz nahiz ingelesez. Besteak beste, funka, soula eta rocka lantzen dituzte ukitu elektronikoekin.

Taldekideak eskarmentua duten musikariak dira; besteak beste, Izaro, Funkdamental, Buffalo eta Bossa Collective taldeetan aritu dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide