Bederatzi postibo berri zenbatuta, gora egin du Azkoitiko intzidentzia tasak

Ihintza Elustondo 2021ko api. 8a, 13:34

Bederatzi positibo zenbatu zituzten atzo herrian, eta 475,67koa da intzidentzia tasa egun. Eskualdean gora egin dute positiboek; guztira, 47 zenbatu zituzten atzo. Zarautz eremu gorrian sartu da, eta eremu laranjan Orio.

COVID-19a atzemandako pertsonen kopuruak gora egin du Urola Kostan, Osakidetzak kaleratu berri dituen datuek adierazten dutenez. Atzo, guztira, 47 positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan, herenegun baino bederatzi gehiago. Azkoitian, beste bederatzi positibo zenbatu zituzten atzo, eta 475,67koa da intzidentzia tasa egun. Herenegun gainditu zuen 400eko intzidentzia tasaren langa Azkoitiak –400,57–, eta atzoko datuek goranzko joera hori berretsi dute.

Eskualde osoko kasuen erdiak baino gehiago Zarautzen zenbatu zituzten –24, hain zuzen ere–, eta gorakada horren ondorioz, eremu gorrian sartu da herri hori: 402,62ko intzidentzia tasa dute han. Gaur-gaurkoz, bi dira eremu gorrian dauden eskualdeko herriak: Azkoitia eta Zarautz. Dena den, itxiera perimetrala ezarri beharreko herrien zerrenda astelehenean eguneratuko dute, eta, beraz, Zarautzek eta Azkoitiak ez dituzte mugak itxi beharko oraingoz.

Orion ere nabarmen egin dute gora kasu positiboek. Azken astebeteko kopururik handiena atzeman zuten atzo; guztira, zortzi positibo baieztatu zituzten. Hori horrela, 358,77ko intzidentzia tasa dute han une honetan, eta eremu laranjan dauden arren, ez dute urrun 400eko langa.

Zumaian, Azpeitian eta Aian zenbatu zituzten gainontzeko positiboak. Zumaian, hiru positibo atzeman zituzten atzo, eta 274,75eko intzidentzia tasa dute egun. Azpeitian, bi positibo baieztatu zituzten, eta 170,83koa da herri horretako intzidentzia tasa. Aian, berriz, positibo bat atzeman zuten, eta intzidentzia tasa altua dute han: 705,29koa, hain zuzen ere.

Bestalde, ez zuten kasu positiborik zenbatu atzokoan Aizarnazabalen –130,04ko intzidentzia tasa dute–, Beizaman –0 da intzidentzia tasa–, Errezilen –0 da intzidentzia tasa–, Getarian –600,71ko intzidentzia tasa dute– eta Zestoan –256,81eko intzidentzia tasa dute–.

Hego Euskal Herrian, ia mila positibo

Hego Euskal Herrian, guztira, ia mila positibo zenbatu zituzten egun bakar batean; zehazki, 997. Atzoko datuak kontuan izanda, %7,41ekoa da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.038 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 788 lagunek eman zuten positibo, herenegun baino 57 gehiagok. Lurraldeka aztertuz gero, 113 positibo zenbatu zituzten Araban, 373 Bizkaian eta 296 Gipuzkoan; beste sei zenbatu zituzten hiru lurralde horietatik kanpo. Positibotasun tasa %7,1ekoa zen atzo hiru lurralde horietan –%7,9koa zen herenegun–. Erietxeen egoerari dagokionez, atzo 65 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren zentroetan. Gaur-gaurkoz, COVID-19a duten 366 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 103 lagun Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.

Nafarroan, bestalde, 209 positibo zenbatu zituzten atzo, bezperan baino 11 gehiago, 2.411 proba egin ostean. %8,7koa da lurralde horretako positibotasun tasa, eta azken bi hilabeteetako kutsatze zifrarik altuena izan zen atzokoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide