Grupo Alega Cantabria menderatuta, Juaristi ISBk Urrezko LEB Ligarako igoera jokatuko du

Andoni Elduaien 2021ko api. 5a, 09:00
Atzoko partidako irudi bat. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak luzapenean irabazi dio Grupo Alega Cantabria bigarren sailkatuari, eta Urrezko LEB Ligarako igoera zuzena jokatzeko sailkapena lortu du. Bartzelona B taldearen aurka jokatuko du ISBk igoera.

Juaristi ISBk 86 eta 84 irabazi zion atzo, igandea, Grupo Alega Cantabria multzoko bigarren sailkatuari, eta Urrezko LEB Ligarako igoera zuzena jokatzeko sailkapena lortu du; Bartzelona B taldearen aurka jokatuko du Iñaki Jimenezen taldeak igoera. Neurketa gogorra bezain estua jokatu zuten ISBk eta Grupo Alega Cantabriak Azpeitiko kiroldegian, eta bi taldeek bost minutuko luzapena jokatu behar izan zuten neurketako garailea erabakitzeko. 

Lehen laurdena eta hirugarrena bisitarienak izan ziren; aldiz, bigarren eta laugarren laurdenak ISBk eskuratu zituen. 78na amaitu zuten partida. Luzapenean zortzi puntu saskiratu zituen Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak eta sei Grupo Alega Cantabriak. Pavel Savkov eta Andraz Kavas ISBko jokalariak nabarmendu ziren neurketan; izan ere, hogei eta hemeretzi puntu saskiratu zituzten, hurrenez hurren. Savkovek hogei puntuko balorazioa lortu zuen, eta Kavasek hemezortzi puntukoa. 

Garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Juaristi ISBk. Fase erregularra amaitzeko bi neurketaren faltan, bi partidako tartea ireki dio Grupo Alega Cantabria egungo bigarren sailkatuari. Zulo hori nahikoa izango da ISBrentzat; izan ere, fase erregularreko bi neurketa irabazi dizkio Kantabriako taldeari ISBk. Hori dela eta, Urrezko LEB Ligarako igoera zuzena jokatuko du Juaristi ISBk. 

Bartzelona B taldearen aurka jokatuko du mailaz igotzeko kanporaketa. ISBk badaki zer den kataluniarrei irabaztea; izan ere, Zilarrezko LEB Ligako Kopa irabazi zuen Bartzelonako saskibaloi taldearen aurka urtarrilean. Fase erregularra amaitzeko, ordea, Zornotza eta Clavijo taldeen aurka jokatu beharko ditu partidak ISBk. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide