Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak Kiputzen aurkitutako hezurren erakusketa zabaldu dute Altamira leizean

Kiputzen aurkitutako bisontearen hezurdura. (Argazkiak: Munibe arkeologia taldea)

'Kiputz, amildegia historiaurrean' erakusketa zabaldu dute Santillana del Mar herriko (Kantabria, Espainia) Altamira Museo eta Ikerketa Zentroan. Leizera erori ziren animalien arrastoak biltzen ditu erakusketak, Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak aurkitutako hezurrak, hain zuzen.

Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak Kiputz aztarnategian aurkitutako hezurrak Santillana del Mar herriko (Kantabria, Espainia) Altamira Museo eta Ikerketa Zentroan ireki berri duten erakusketan jarri dituzte ikusgai. Iaz Donostiako San Telmo museoan egon zen erakusketa bera eraman dute orain Kantabriara. Munibe arkeologia taldeak aurkitu zuen Kiputz aztarnategia Mutrikun (Gipuzkoa), eta ondoren, paleontologo talde batekin batera jardun zuten indusketa lanetan.

Erakusketa joan den ostegunean, apirilak 1, ireki zuten Altamiran, eta uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai. Mutrikuko (Gipuzkoa) Kiputz aztarnategian aurkitutako hezurrak aurkezten ditu erakusketak. Izan ere, Kiputzen berreskuratu zituzten penintsulako elur-oreinen eta bisonteen multzo paleontologiko garrantzitsuenak, baita estepako bisonte baten garezurra ere. Erakusketak azken glaziazioan Kantauri isurialdeko paisaiaren ezaugarri izan zen estanpa izoztuan murgilduko du Altamirako publikoa. Garai hartan, itsasoak 18 bat kilometro egin zuen atzera, eta estepa erraldoi bat bihurtu zen, sarritan elurrez estalita egon ohi zena.

Kiputz leizearen interpretazioa.

Munibe eta Kiputz

Bost azkoitiarrek bultzatuta, 50eko hamarkadan hasi zuen ibilbidea Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak, eta orduz geroztik, historiaurreko hainbat aldi eta kulturatako 100 aztarnategi baino gehiago ditu katalogatuta. Egun, ikerketa-lanekin jarraitzen dute han eta hemen. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko arkeologia taldeak egindako lanen artean nabarmenena da Kiputzen egindako aurkikuntza. Kiputz sei metroko sakonera zuen tranpa natural bat izan zen, eta animalia asko erori ziren amildegi hartara. 

Munibe arkeologia taldeak leizeetan ohikoa duen prozedurari ekin zion Kiputzen. "Leize txiki-txikia da Kiputz, eta beti bezala metro karratu bateko zuloa egin genuen lanekin hasteko. Hezur batzuk atera genituen, baina oso garrantzitsuak ez zirelakoan, utzi egin genion, harik eta 300 kilo inguruko harri batekin topo egin genuen arte. Lehergaiekin eta borrak erabilita txikitu genuen harri hura, eta berehala hasi ziren agertzen hezurrak. Paleontologo bati erakutsi genizkion hezurrak, eta gero lau urtean egon ginen Kiputz aztertzen", adierazi du Juan Mari Arruabarrena Munibe arkeologia taldeko kideak.

Arruabarrena, Kiputzen indusketa lanak egiten.

2004tik 2007ra bitartean, lau indusketa-kanpaina egin zituen Munibe arkeologia taldeak Kiputzen, eta aztarnategian 18.296 hezur zati aurkitu zituzten; baita azken glaziazioko klima nagusia berreraiki ahal izateko datuak ere. Hezurren artean, 43 oreinen, 23 elur-oreinen eta leizetik ateratako 18 estepako bisonteen multzo paleontologiko oparoenak jaso zituzten Kiputzetik. Hezurdura horiek, kasu askotan, posizio anatomikoan zeuden, hau da, hil baino lehen animaliek hartu zuten jarrera berean. Aztarnategi horren jatorrian harraparirik ez zegoenez, hezur gehienak osorik kontserbatu dira. Altamirako erakusketan hiru espezie horien hiru hezurdura oso jarri dituzte, baita estepako bisonte burezur ia oso bat ere. Adituen arabera, 900 kilo inguruko bisonte ar heldua zen Kiputzen aurkitutakoa.

"Elur-oreinaren hezurdura garrantzitsua da, oso gutxi izan baitira Euskal Herrian", azaldu du Munibeko kideak. Tranpa hartatik oso animalia gutxik lortuko zuen ihes egitea. "Hainbat animaliak ezingo zuen tranpa hartatik atera, baina animalia felidoek gora egiteko gaitasuna zuten. Halere, lehoi kume baten hezurrak ere aurkitu genituen Kiputzen. Jendeak pentsatu dezake, hemen lehoiak? Bai, egon ziren", adierazi du Arruabarrenak. Azkoitiko Munibe arkeologia taldeak aurkitutako hezurrak Karbono-14 analisi arkeologikoarekin analizatu zituzten, eta horrela jakin zuten hezurrek 18.000-20.000 urte baino gehiago zituztela.

Miel Sasieta, eskuinean, hezurrak birmoldatzen; Munibe arkeologia taldearen sortzaileetako bat izen zen.

Margotutako bisonteen hezurrak

Altamirako leizea historiaurreko labar margo multzorik garrantzitsuenetakoa da. Pintura polikromatuak, grabatuak eta animaliak adierazten dituzten margo beltz, gorri zein okreak ikus daitezke. Besteak beste, figura antropoformoak, marrazki abstraktuak eta ez figuratiboak daude magortuta han.

Marraztuta dauden animalien artean nabarmendu daitezke bisonteak. Orain, duela 14.500 urte inguru leize hartan bertan margotutako bisonte haien hezurrak jarri dituzte ikusgai Altamiran. "Bisonteen pinturak dituzte Altamiran, baina hezurrik ez zuten. Orain, ordea, bisonteen margoekin batera egongo dira bisonte hezurrak ere", nabarmendu du Arruabarrenak. Kiputzen aurkitu zuten bisonte burezurra da penintsula osoan bere adarkada guztiarekin agertzen den garezur bakarra, eta zehazki Altamirako leizean margotuta dagoen espeziarena da.

Ikerlari taldeko kideak, estepako bisontearen garezur osoarekin. Ezkerretik eskuinera, Javier Alberdi (Munibe), Pedro Castaños (Aranzadi), Jone Castaños (EHU), Miel Sasieta (Munibe) eta Juan Mari Arruabarrena (Munibe).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide