Final handiaren zain

Andoni Elduaien 2021ko api. 2a, 09:17
Realzaleak eta athleticzaleak biharko eguna iristeko desiatzen daude.

Realak eta Athleticek bihar, larunbata, jokatuko dute Kopako final handia. Azkoitiko zale txuri-urdinek eta zuri-gorriek urtebete egon behar izan dute final historiko honen zain. Biharko dituzten asmoak eta itxaropenak azaltzeko, Maxixatzen.eus-ekin elkartu dira.

Athleticek eta Realak Espainiako Errege Kopako finala jokatuko dute bihar, zapatua, Sevillako (Andaluzia, Espainia) La Cartuja futbol zelaian. Zuri-gorriek zein txuri-urdinek 2019-2020 denboraldiko kopako finala jokatuko dute, 21:30ean hasita. COVID-19agatik, urtebeteko atzerapenarekin jokatuko dute finala Bizkaiko eta Gipuzkoako futbol taldeek. Herritarrak beren gustuko futbol taldearen koloreekin koloreztatu dituzte azken egunotan etxeko balkoiak eta leihoak; herriko kaleetan paseotxo bat ematea aski da Realeko eta Athleticeko banderak han eta hemen ikusteko. Izan ere, finala ez da bakarrik jokatuko, egungo egoeragatik finala etxean ere jokatuko da. Ziurrenik, futbol zalea ez denak ere nabarituko ditu etxepekoen gol oihuak eta garrasiak. 

Ezkerretik eskuinera, Sudupe, Etxaniz, Alberdi eta Garate realzaleak.

Realeko jarraitzaileak dira Lurdes Alberdi, Axen Etxaniz, Iban Sudupe eta Eneritz Garate azkoitiarrak. Etxaniz Realeko bazkidea eta akzioduna da. Sudupe, aldiz, duela 25 urtetik da bazkidea, baina duela urte gutxi Azkoitian sortu zuten Realeko Egurre Taldea lagun-taldeko presidentea ere bada. Alberdi, berriz, Realaren garairik txarrenetako batean izan zen talde txuri-urdineko bazkidea, Reala Bigarren Mailan egon zen garaietan, hain zuzen. Mailaz igotzen eta Europara itzultzen lagundu zien harmailetatik Alberdik. 

Finala urtebeteko atzerapenarekin jokatuko dute, eta horrek are bereziagoa egin du finala jarraitzaileen esanetan. "Arraroa da, izan ere bi kopa batera jokatzen ari dira; egoera berria da", esan du Etxanizek. Alberdik, berriz, tarte batean finalarekin "ahaztuta" ere egon dela azaldu du. Sudupe eta Garate, bestalde, "urduri" daude. "Athleticen aurka finala izanda, handiagoa da urduritasuna", azaldu dute. Etxanizek, ordea, nerbioak azkar baretu nahi izan dizkie biei: "Beraiek ere urduri daude, ez pentsatu erraz irabaziko digutela uste dutenik". 

Neurketa hasteko, eta nola ez, irabazteko gogoarekin daude Realeko zaleak. Laukote kide batzuek badakite Reala txapeldun ikustea zer den, baina beste batzuk ez dute bere bi begiekin Reala txapeldunaren kopa altxatzen inoiz sekula ikusi. Guztiek finala etxean ikusiko dutela garbi dute, eta ari dira biharko prestatzen. Etxeetako leihoak eta balkoiak Realeko banderez eta kolore txuri-urdinez jantzi dituzte. Olaberri tabernako arduraduna da Etxaniz, eta nahiz eta finala ez duten tabernan ikusterik izango, Reale Arena izan bailitzan prestatu du biharko bere ostatua. Oso maitea duen Realeko bufanda ekarri du elkarrizketara Etxanizek, eta azaldu du bufanda hori duenetik Realak bi final jokatu dituela, bat Zaragozan (Espainia) eta bestea Bartzelonan. "Final bat irabazi eta bestea galdu egin zuen Realak; orain irabaztea tokatzen zaio", adierazi du. Garate, berriz, Donostiara joan berri da Realeko banderen bila. "Gure etxeko balkoia bete dugu banderez, eta orain amonaren etxekoak atonduko ditut".

Sudupe finala ikustera Sevillara joatekoa zen iaz, eta hark azaldu duenez "bost aldiz" ezeztatu behar izan du dagoeneko hara joateko bidaia. Finala etxean girotzeko asmoz, erronka bat hasi zuen finala baino hamar egun lehenago. Harrezkero, etxean dituen Realeko bandera guztiak jarri ditu etxeko balkoian. "Orain bufandekin hasi beharko dut, bandera guztiak jarri ditut-eta dagoeneko", dio Egurre Taldeko kideak. Alberdik ere Realeko bandera du esekita balkoian. "100. urteurreneko bandera jarri dut", azaldu du.

Laukoteak ez du zalantzarik eta guztiek dute argi Realak irabaziko duela; laurek eman dute txuri-urdinen aldeko emaitza. Alberdik dio donostiarrek 2 eta 3 irabaziko duela. Etxanizek, aldiz, Realak Athletici 1 eta 3 irabaziko diola egin du apustu. Sudupe harago joan da, eta Realak 0 eta 4 astinduko duela esan du Athletic. Eneritz Garatek ere final lasaia espero du, eta txuri-urdinek 0 eta 2 irabaztea desio du. Kopak Gipuzkoarako bidea hartzen badu, adierazi dute igande goizean goizetik hasiko dira kalean garaipena ospatzen. "Nik duela egun gutxi hil den Anttoni eskaini nahi diot garaipena; realzale amorratua zen. Tabernan ospatuko dugu garaipena", azaldu du Etxanizek. "Ni, agian, Kontxara joango naiz bainua hartzera", esan du Garatek. 

Ezkerretik eskuinera, Maruri, Oscar Andueza, Enara Andueza, eta Javier Ocio athleticzaleak.

Kolore zuri-gorriaren aldeko jarraitzaileak Realekoak baino gutxiago dira Azkoitian, baina horiek ere ez dute atzean gelditu nahi izan. Larunbata iristeko desiatzen daude Javier Ocio, Borja Maruri zein Oscar eta Enara Andueza aita-alabak. Maruri 1982tik da Athleticeko bazkidea; Ociok, berriz, 40 urte daramatza talde zuri-gorria bazkide bezala babesten. Guztiek izan dute Athleticen final bat baino gehiago ikusteko aukera, eta titulua lortzen ere ikusi dute beren taldea; azkena, aurten, Espainiako Superkopa irabazi baitzuen Athleticek Sevillako La Cartuja zelaian.

Oscar eta Enara Andueza aita-alabek diote biharko finala "desberdina" izango dela. "Iaz jokatu izan balute, gehiago ospatuko genuke". Maruri ere bide beretik joan da, finala "lekuz kanpo" sumatzen duela esanda. "Ezingo da ospatu, eta alde horretatik finala tristea izango da", adierazi du. Futbolak milaka zale biltzen ditu estadioetan, eta aukera izan balute argi dute Sevillan izango zirela; are gehiago, Andaluziara joatekoak ziren. Egungo osasun arauengatik, ordea, finala etxean ikusi beharko dute. "Zerbeza bat edo beste hartuta etxekoon artean ikusiko dugu finala", azaldu du Oscar Anduezak. 

Larunbatera begira ari dira prestatzen Athletic zaleak ere. "Guk balkoia zuri-gorriz jantzi dugu dagoeneko", adierazi du Enara Anduezak. Maruri, berriz, itxaropentsu dago biharko, eta bere taldeak kopa irabaziko duela sinetsita, "banderak-eta igandean" aterako dituztela dio. Ociok ere neurketa etxean ikusiko duela dio. "Etxean ere Athleticeko bazkideak dira, eta guztiok elkarrekin ikusi eta ospatuko dugu". Ospatzea tokatzen baldin bazaie, gainera, Oscar Anduezak dio garaipena ez dela isilik pasatuko. "Suziriren bat edo beste bota beharko dugu garaipena ospatzeko, ez?", galdetu du laukotean. 

Athleticeko zale azkoitiarrek Realari irabaziko diotela uste dute, baina halere ez dute espero talde txuri-urdinari errepasoa ematerik. Marurik dio Athleticek 3 eta 1 irabaziko duela eta Oscar Anduezak 2 eta 0. Aldiz, Javier Ociok eta Enara Anduezak final estuagoa aurreikusten dute. Lehenak esan du Athleticek 1 eta 0 menperatuko duela Reala; Enara Anduezak, berriz, kopa zuri-gorrientzat izango dela azaldu du, baina, 2 eta 1 irabazita.

Kolore gorriak edo urdinak, baina, talde bietako batek bakarrik beteko ditu beren zaleek beraiengan jarritako itxaropenak. Kopa txapeldunak bakarrik altxatuko du. Kamiseta txuri-urdindunek edo zuri-gorridunek ospatuko dute igandean garaipena, Gipuzkoara etorriko da garaikurra edo Bizkaira joango da. Erantzuna, larunbat gauerdirako ezagutuko da. Onenak irabaz dezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide