Argiteria publikoaren inbertsioa osatzeko eta skate parkea eraikitzeko, 509.519,18 euroko gerakina bideratuko du udalak

Andoni Elduaien 2021ko api. 1a, 11:31

Hainbat puntu jorratu zituzten martxoko udalbatzarrean, baina herriko argiteria publikoa berritzeko udalak egin behar izan dituen kontu moldaketen inguruan hitz egin zuten nagusiki. Alkateak, gainera, Gurea pilotalekua txertaketa masiboak egiteko "kontenplatuta" dagoela jakinarazi zuen.

Azkoitiko Udalak atzo, asteazkena, egin zuen martxoko udalbatzarra. Guztira 11 puntu izan zituzten aztergai udaletxean ordezkaritza duten lau udal taldeek. Herriko argiteria publikoa berritzeko udalak Europatik jaso duen diru laguntzak, eta horretara egokitzeko udalak berak egin behar izan dituen egokitzapenek protagonismo berezia hartu zuten. 

Ana Azkoitia zinegotziak adierazi zuen, "gerakinen kalkulak eta likidazioak" egin dituztela. Hain zuzen ere, 509.519,18 euroko gerakina erabiliko du udalak kreditu aldaketa egiteko, eta diru horren zati handi bat herriko argiteria publikoa berritzera bideratuko du. Eskualde Garapenerako Europako Funtsetik (EGEF – FEDER) 487.519 euroko laguntza jasoko du Azkoitiko Udalak, baina, argiteria berritzeko lanaren inbertsio osoa 975.038,36 eurokoa izango da. 975.038,36 euro horiek Europatik jasotako diru laguntzekin eta udalak bideratu beharko duen diruarekin osatu beharko ditu udalak.

Udalak bideratu beharko duen dirurako, kreditu gehigarrien bidez kreditu aldaketa onartzea erabaki zuten atzo. 509.519,18 euroko gerakinetik, 371.789,18 euro eta 15.730 euro kaleko argiteria publikoa berritzeko bideratuko ditu udalak. Era berean, gogoratu behar da beste 100.000 euro bideratu zituztela otsailean lan horietara. Gerakineko gainerako zenbatekoa –122.000 euro– skate parkea eraikitzeko bideratuko du udalak. EAJ, PSE-EE eta Azkoitia Bai udal taldeen babesa jaso zuen proposamenak; EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen.

Gerakineko dirua erabili ahal izateko, bertan behera utzi behar izan du udalak 2021eko aurrekontuan onartutako bigarren konpromiso kreditua, eta atzo 1/2021 konpromiso kredituaren onespena bozkatu zuten. "2022. urterako 187.000 euro pasatxoko konpromiso kreditua aurreikusi genuen. Dirulaguntza eman digutenean, ordea, ikusi dugu lehen egindako maniobrak ez direla baliagarriak, eta horregatik aurreko puntuan bi partida berri jartzea onartu dugu", adierazi zuen Azkoitiak. Ariketa horri itzulia emateko, argiteria publikoa eraberritzeko behar den diruaren erdia konpromiso kreditu bidez osatzea erabaki zuen udalak aho batez. "Europatik emango diguten diru laguntzaren kantitate berdina datorren urteko aurrekontuetarako konprometitzea proposatzen dugu", adierazi zuen zinegotziak. Konpromiso kredituaren arabera, datorren urteko aurrekontuetan gastu hori jarri beharrean izango da udala. "Aurrekontuetan 487.000 euroko inbertsioa jartzeak dezente eragiten du aurrekontuko beste partidetarako. Lizitazioa aurten atera da, eta aurreikusten dugu 2022. urtean argiteria publikoa aldatuko dela. Beraz, gastua jarriko dugu, baina baita dirulaguntzaren sarrera ere, eta horrek ez du eragingo aurrekontuan", adierazi zuen Azkoitiak.

2020ko aurrekontuen emaitzak

Ana Azkoitiak Elkargune-Zubiaurre Institutuaren, San Jose Egoitzaren eta Azkoitiko Udalaren 2020. urteko aurrekontu emaitzak ere jakinarazi zituen; udal talde guztiek aho batez onartu zituzten emaitzak. Azkoitiko Udalak 2.803.710,62 eurokoa aurrekontu emaitza izan zuen 2020. urtean. Udalak gastu orokorretarako duen gerakina, berriz, 7.728.536,64 eurokoa da. "Behin gerakin guztia kalkulatzen denean, lehen txertaketa egiten zaio, eta txertaketa hori 1.865.723,37 eurokoa izan da. Erabilgarren dagoen gerakina 5.862.813,27 eurokoa da", adierazi zuen Azkoitiak. Halere, atzo udalbatzarrean onartutako lehen kreditu aldaketa kendu behar zaio zenbateko horri, hau da, 509.519,18 euro. Iaz udalak eskatutako 1.800.000 euroko mailegua ere gerakinean sartuta dagoela adierazi zuten udalbatzarrean.

Zubiaurre-Elkarguneak 2020an eduki duen aurrekontuko emaitza, bestalde, 149.352,01 eurokoa izan da. "COVID-19ak eragin zuzen-zuzena eduki du Elkargunean, eta aurreikusten genuen emaitza negatiboa izango zela. Halere, 2019ko laugarren hiruhilekoa eta 2020ko lehen hiru hiruhilekoak hartzen dira bakarrik kontuan 2020ko aurrekontu emaitzetan. Emaitza positiboa izan da, laugarren hiruhilekoa ez delako kontuan hartu". Zubiaurre-Elkarguneak duen gerakina, ostera, 389.332,09 eurokoa dela jakinarazi zuen Azkoitiak. Kopuru horri 25.000 euro kenduko dizkiote, Azkoitiak iragarri zuenez Elkarguneko seinaleztapena hobetuko baitute. San Jose Egoitzaren 2020. urteko aurrekontu emaitza, aldiz, 18.158,56 eurokoa izan da. Egoitzaren gerakina, berriz, 283.567,33 eurokoa da. 

Amaierako jakinarazpenak

Javier Zubizarreta alkateak, bere aldetik, zenbait gairen inguruko jakinarazpenak egin zituen udalbatzarraren amaieran. Alkateak adierazi zuen "kezkatzen hasita" daudela COVID-19aren kontuarekin. "Ondo egon gara bazter guztietan arazoez inguratuta egon direnean. Azken egunetan, ordea, mugimendua dago, eta mugimendua ez da mantentzeko edo behera egiteko, goranzko joera da", azaldu zuen alkateak. Horren haritik, Zubizarretak jakinarazi zuen Azkoitiko Gurea pilotalekua txertaketa masiboak egiteko "kontenplatuta" dagoela. "Oraindik ez dugu egunik ezta zer ordutegi erabiliko duten ere".

San Martinen aparkatzeko dagoen arazoaren aurrean, halaber, alkateak esan zuen atzo bertan bildu zela auzoaren goiko aldean dagoen elkarte gastronomikoaren alboko egungo lur jabeekin. Adierazi zuen hitzarmena atzo sinatu zutela lur horien zati batean udalak behin-behineko 24 aparkaleku egin ditzan. Alkateak nabarmendu zuen udal brigadak egingo dituela lanak, baina aurrez Aranzadi zientzia elkarteak aztertuko dituela lurrak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide