Bisitarien itsasgoran eta itsasbeheran

Andoni Elduaien 2021ko mar. 31a, 16:28
Atxuri landetxea.

Hastear da Aste Santuko oporraldia. Jende askok utziko ditu beren lantokiak hara eta hona mugitzeko. Halere, jakina da; aurten ez da nahieran mugitzerik izango. Herriko landetxeak eta hotelak turistak hartzeko prest dira, ordea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunek hiru lurralde horien artean mugitu ahal izango dute soilik Aste Santuan. Halaber, ezingo dute irten herrian edota lurraldean itxiera perimetrala ezarrita baldin badute. Aste Santua iristeko zain-zain egon ohi dira herriko landetxeak eta hotelak, baina aurtengoan zapore gazi-gozoa dute.

Maribel Bastida Atxuri landetxeko arduraduna da, eta hark azaldutakoaren arabera, aurten ez dute inor hartuko Aste Santuan beren landetxean; azken unean ezeztatu dizkiete datozen egunetarako zituzten erreserbak. "Aste Santua erabat zintzilik gelditu zaigu. Bilbo aldeko familia batek egin zuen erreserba lehenik, baina Urkullu lehendakariaren azken agerraldiaren ondoren, erreserba ezeztatu egin zuten, beldurragatik. Duela egun gutxi, berriz, Errenteriako irakasle batzuek egin zuten erreserba gurean. Bederatzi lagun ziren, eta haiek ere ez direla etorriko esan digute", azaldu du Bastidak. Gainera, ez dute azken uneko erreserbarik espero Aste Santurako. "Etxekoei esan diet: inor ez bada etortzen, Aste Santua lasai-lasai pasatuko dugula etxekook. Atxuri landetxean gertatu dena, ordea, ez kasu bakana izan. "Inguruko landetxeekin badugu harremana, eta erdiei baino gehiagori gauza bera gertatu zaie", nabarmendu du arduradunak.

Larunbatean Realak eta Athleticek Sevillan jokatuko duten finala lagunartean ikusteko asmoz ere "jende askok" deitu diela adierazi du Bastidak. "Finala ikusteko, landetxeetan-eta elkartu nahi izan dute askok. Pentsa, hamazazpi edo hemezortzi kideko lagun talde askok deitu du gurera. Halere, guk horrelako kuadrillarik-eta ez dugu hartzen, eta ezezkoa eman diegu guztiei. Guretzat erabaki ona izan ez bada ere, kontuan hartu behar da erreserba egiten dutenek bizikideak izan behar dutela. Hamabi laguneko bizikiderik ba al dago, bada, inon? Ezinezkoa da hori. Pazko Astean, berriz, Lezoko neska batzuk etorriko dira. Mendizaleak direla esan digute, eta Izarraitzera joateko asmoarekin etorriko dira gurera", azpimarratu du Bastidak.

Abuztuan ere ezeztatu zizkieten erreserbak Atxuri landetxean, eta orduan diru guztia "%100ean itzuli" behar izan zuten. Orain, baina, ordaindutakoaren %50a itzultzea erabaki dute. "Erreserba egindakoak galdu egiten du, baina baita guk ere. Hark erreserba ezeztatzen badu, zaila da beste norbaitek azken unean erreserba egitea; dagoeneko plan guztiak eginda ditu jendeak". Atxuriko arduradunak dio, koronabirusak eraginako krisia baino lehen "edozein momentutan" jasotzen zituztela bisitariak beren landetxean, baina orain hori pentsaezina dela adierazi du.

Larramendi Torrea hotelean, bestalde, ezin da erreserbarik egin datozen egunetarako, hotela guztiz hartuta baitago. "Aste Santua hamabost egun direla ulertu izan da beti, baina turismo guztia ostegunetik igandera bitartean kontzentratzen da; izan ere, astelehenean jendea bere herrietara itzultzen hasten da. Aste honetan, asteazkenera bitartean turismorik apenas izango zela aurreikusita, eskaintza berezi bat egin nahi izan dugu, baina ez da ezer mugitu. Ostegunetik igandera, berriz, hotela beteta izango dugu", adierazi du Koro Arzalluz hoteleko arduradunak. Halere, %100ean egotetik zerora jaitsiko da egun gutxitan okupazioa; izan ere, Pazko asterako ez dute erreserba bakar bat ere oraingoz.

Duela pare bat aste hasi ziren telefono eta helbide elektroniko bidez erreserba eskaerak jasotzen. "Mugikortasun baimena eman zutenean hasi zen jendea lehen erreserba eskaerak egiten. Halere, Labiren azken bilkuran zer erabakiko zain egon da jendea, beldurrez. Horregatik, askok deitu du erreserba ezeztatzean ezer kobratuko al genien galdetzeko. Ezer ez kobratzea erabaki genuen guk". Oro har, Madrilgo eta Herrialde Katalanetako herritarrak jaso ohi dituzte Larramendi Torrea hotelean, baina aurten gehienak bizkaitarrak izango direla azaldu du Arzalluzek.

Arduradunak dioenez, azken unean erreserbaren bat edo beste ezeztatuko ote dieten "beldurrez" daude. "Baliteke COVID-19agatik gelaren bat saldu gabe gelditzea. Gainera, COVID-19aren aitzakian jende askok ezeztatu du beste lekuetan aurrez egindako erreserba, eta azkenean, ez dakizu hori sinetsi egin behar den edo ez", nabarmendu du.

Oro har, "zeharo gaizki" daramate egungo egoera Larramendi Torrea hotelean. "Duela hamabost urte ireki genuen hotela, eta segituan hasi zen mugimendua. Hotelaren okupazioa edo betetzea beti goraka joan izan zaigu grafikoetan. Iaz, ordea, %70eko galera izan genuen fakturazioan". Gainera, "tabernak-eta baino okerrago" daudela uste du hoteleko arduradunak. "Konfinatuta egon garenean, tabernak-eta itxita egon dira, baina jende asko jaso dute ateak irekitakoan. Hoteletan, berriz, ez da horrela izan; itxiera perimetralak izan ditugu tartean, eta beldurtzeko moduko galerak izan ditugu", adierazi du Arzalluzek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide