Martxan dira Ibaiondo eta Altzibar kaleetako lanak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 31a, 09:58

Bi kaleetako puntu nagusienak asfaltatu dituzte, eta bestelako jarduketa batzuk ere egin dituzte hainbat puntutan. Udalak 109.349,56 euro bideratu ditu bi gune horietako lanetara.

Martxan dira Azkoitiko Ibaiondo kalea eta Altzibar etorbidea asfaltatzeko nahiz bi kaleetako zenbait puntu egokitzeko lanak. Bi kaleak lotzen dituen errepidea asfaltatu dute, nahiz eta oraindik margotzeko lanak falta diren. Era berean, gune bakoitzaren beharraren arabera, bestelako "jarduketa independenteak" ere ari dira egiten.

Besteak beste, egoera txarrean dauden arekak konpondu eta Altuna-Portu Jauregiaren aurrean 2019ko azaroan erori zen zuhaitzak txikitutako baranda berrituko dute. Gainera, aurreikusitako lanen barnean sartu dituzte Kale Nagusiko 2 zenbaki pareko hondoratzea konpontzea, Elosu Korta paretik Jausororako zubira eramaten duen kalea berritzea eta Altzibar 7 eta 9 artean garajeak dauden etxartea egokitzea.

Asfaltos Urretxu S.A. enpresa ari da lanak aurrera eramaten, eta horiek exekutatzeko hiru hilabeteko epea izango du. Obren aurrekontua 109.349,56 eurokoa da, BEZ barne.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide