Aste Santurako egutegia aurkeztu du Azkoitiko Parrokiak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 31a, 09:15

Iaz, ez zen izan Aste Santuko ekintzarik Azkoitian, eta aurten, Santa Klarako elizan eta Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan egingo dituzte ekintza guztiak.

Azkoitiko Parrokiak joan den igandean hasi zituen Aste Santurako ekintzak; Erramu Eguna ospatu zuten parrokian. Erramu Igandean, Azkoitian, ohikoa da erramuak kalean bedeinkatzea eta prozesioa egitea, baina aurten parrokian bertan ospatu behar izan zuten kristauek Erramu Eguna. Hiru meza egin zituzten, 10:00etan, 11:00etan eta 12:15ean, eta jende asko hurbildu zen beren erramu adarrak bedeinkatzera.

Aste honetarako, ordea, ekintza ugari antolatu ditu Azkoitiko Parrokiak, guztiak barrualdean egitekoak. Atzo, asteartea, elkarteko aitortzak egin zituzten parrokian. Bihar, Ostegun Santua, gaztelerazko meza izango da Santa Klarako elizan, 17:00etan hasita. 19:00etan, berriz, Jesusen afariaren ospakizun meza egingo dute Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. 21:00etan, aldiz, otoitzaldirako deia egin dute. 

Etzi, Ostiral Santua, Gurutze Bidea egingo dute 11:00etan, parrokian. Arratsaldean ere izango da ekintzarik Azkoitian; izan ere, 16:00etan, Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna egingo dute gazteleraz, Santa Klarako elizan. 17:00etan, ostera, euskarazko ospakizuna egingo dute, parrokian. Ostiral Santua agurtzeko, etxeetako leihoak eta balkoiak kandelekin argitzeko deia egin du parrokiak; 21:30erako jarri dute horretarako hitzordua.

Larunbat Santuan eta Pazko igandean ere mezak eta ospakizunak izango dira parrokian. Larunbatean, esaterako, Pazko Gaubeila egingo dute parrokian, 21:00etan; sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena egingo dituzte berpizkunde mezan. Pazko igandean, bestalde, Pazko meza nagusia egingo dute 11:00etan, parrokian.

Hona hemen Azkoitiko Parrokiak Aste Santurako antolatu duen egitaraua osorik:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide