Kanku kirol elkarteko kideek dominak eskuratu dituzte Espainiako txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 30a, 10:56
Piris, ezkerrean, Conde, eskuinean. (Argazkia: Espainiako Karate Federazioa)

Emaitza onak eskuratu dituzte Kanku elkarteko lagunek Espainiako Txapelketan. Urrea eta zilarra eskuratu zituzten hainbat probetan, eta podiumetik gertu gelditu dira besteetan.

Azkoitiko Kanku kirol elkarteko hainbat kidek parte hartu duten joan den asteburuan Espainiako txapelketan. Leganesen (Madril, Espainia) jokatu zituzten probak azkoitiarrek, eta lan txukuna eginda itzuli dira handik. Rodrigo eta Rafa Ibañez anaiek, esaterako, urrea eta zilarra bereganatu zituzten.

Markel Piris eta Iosu Conde azkoitiarrek banakako zein taldekako kata txapelketetan parte hartu zuten Euskal Selekzioarekin. Banakakoan sailkapenaren erdian sailkatu ziren Piris eta Conde. Taldekakoan, ordea, laugarren postua eskuratu zuten azkoitiarrek.

Kanku elkartean entrenatzen duten Rodrigo eta Rafa Ibañez anaiek, berriz, emaitza bikainak lortu zituzten Leganesen. Rodrigo Ibañezek 75 kilo azpikoen banakako kumite borrokaldian urrea lortu zuen; gauza bera egin zuen Rafa Ibañezek 84 kilo azpikoen kumite borrokaldian. Taldeako kumite proban, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide