'Online' bideen hedapenari heldu dio aurten ere 2020. urteko errenta kanpainak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 30a, 09:00
Aurkezpeneko irudia. (Argazkia: Aldundia)

Internet bidezko errenta zerga kanpaina sustatu nahi du Gipuzkoako Ogasunak Zergabidea tresnaren bitartez, baina aurrez aurreko zerbitzua ere eskainiko du. 

2020. urteko errenta zergaren kanpaina apirilaren 12an hasiko da Gipuzkoan eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Halere, eta atzo egindako kanpaina aurkezpenean jakinarazi zutenez, gaur bertan hasiko dira 226.000 zergapekoei beren aitorpen proposamenak bidaltzen.

Iazko kanpaina inoizko telematikoena izan zela azaldu zuten atzo egindako aurkezpenean Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak eta Irune Iarza zuzendariak. Hori horrela izanik, Aldundiak digitalizazioa sustatu nahi du, eta Zergabidea izeneko plataforma berria sortu du. Tresna horren bitartez aurkeztu ahal izango dituzte zergadunek beren aitorpenak, baina horrez gain simulazioak egiteko, datuak kontsultatzeko eta aitorpenak moldatzeko zein aldatzeko aukera izango dute. Besteak beste, Zergabidearen bitartez etxean jasotako proposamena onartu ahalko dute zergadunek, autolikidazio proposamena aldatu eta baita aurkeztu ere.

Autolikidazio proposamenak, gainera, gaurtik aurrera egongo dira kontsultagarri sarean, eta gaur bertan hasiko da haien posta bidezko bidalketa ere. Proposamenak onartzeko epea apirilaren 12an irekitzen denez, orduan hasiko da 2020. urteko errenta kanpaina. Apirilaren 15ean, berriz, Zergabidearen bitartez online egiten den modalitatea hasiko da, eta egun bat beranduago bulegoetan hitzordua hartu ahalko da. Hain zuzen ere, apirilaren 19an irekiko dituzte bulegoak, eta ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.

Aurreikuspenak eta aldaketak

Gipuzkoako Ogasunak egindako aurreikuspenen arabera, 2020. urteko kanpainan 292,1 milioi euro itzuliko ditu eta 273,2 milioi euro jasoko. Kanpainaren saldoa, beraz, 18,9 milioi euro negatiboa izango da, pasa den urtekoa baino 39 milioi euro kaskarragoa.

Araudian zenbait aldaketa izan direla gogorarazi du Iarzak, COVID-19ari lotutakoak. Aaitorpena egiteko muga 12.000 eurotatik 14.000ra igo dute. Horrez gain, jakinarazi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek eman dituzten laguntzak salbuetsita daudela zerga ordaintzeaz. Herritarrei kanpaina honetan ere aitorpena euskaraz aurkezteko eskatu zien foru diputatuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide